Irungo Udal ordezkarien arabera «jaiak gozatzeko dira», baina gehiegikeriak egiten ditugun egunak izan ohi direla ohartuta, alkoholaren kontsumo arduratsua eta drogen kontsumoa prebenitzeko kanpaina antolatu du Gizarte Ongizate arloak. Josu Iguiñiz, Gizarte Ongizate arloko zinegotziak azaldu duenez, «festa gune eta egun garrantsitzuenetan informatzeko ekintza sorta» prestatu dute prebentzio eta sentsibilizazioa landuz.
Urtero bezala, alkoholaren gehiegizko kontsumoak dakartzan arriskuetaz informatuko dute Ficoban, ekainaren 21eko Herri Bazkarian 17:00etatik 20:00etara, eta egun berean Botiltzarra programa aurrera eramango du Ailaket elkarteak Urdanibia plazako Suneren kontzertuaren testuinguruan, 21:00etatik 01:00ak arte. «Kale hezitzaileak edaten duten gazteengana hurbilduko dira kontsumo arduratsuaren beharraz sentsibilizatzeko», azaldu du Iguiñizek. Era berean, Ailaket elkarteak droga kontsumituko duten pertsonei sustantziak testatzeko aukera emango du ekainaren 28an gauerditik goizeko 03:00ak arte Urdanibia plazan.
Bestalde, ostalaritza establezimenduei eskutitza banatuko die udalak, adin txikikoei alkohola saltzea debekatuta dagoela gogoratzeko.
Indarkeria matxistei stop
Alde horretatik, ostatuetan ohiko kontsumizioen iruditegia aldatzeko asmoa du udalak aurtengo jaietan. Izan ere, sumisio kimikoaz babesteko edalontzitarako 15.000 tapa banatuko dituzte Irungo jaietan aurreneko aldiz. Prebentzio ekimen aktibo honekin bat egingo dute San Juan eta Urdanibia plazako 20 establezimenduk. Ostatu hauek identifikazio bat izango dute hau jakinarazteko. Bestalde, Maite Cortina, Berdintasun eta LGTBIQ+ arloko ordezkariak argitu duenez, biolentzia matxisten kontrako protokoloa 100 establezimenduk jaso dute, jaietan gerta daitekeen edozein erasoren aurrean nola jokatu behar duten zehaztuz.
Puntu Moreetan biolentzia matxisten prebentziorako informazioa eta babesa izango dute irundarrek inoiz baino gehiago. Izan ere, aurten halako hamar Puntu More (iaz baino bat gehiago), eta 34 orduko arreta zerbitzua eskainiko dute. Eta aurreneko aldiz, gunearen karpa eta identifikazioa more kolorekoa izango da fisikoki ere. Jakinarazi dutenez, San Juan plaza, Urdanibia plaza, Ficoba eta Istillaga plazako kontzertu eta ekitaldi garrantzitsuenetan martxan izango dira Puntu Moreak. Horrela, ekainaren 13an (22:00-01:00) Puro Relajo taldearen kontzertuan San Juan plazan, eta ekainaren 14an Fangoriaren emanaldian ere, ordutegi berean Puntu Morea izango da.
Urdanibia plazan, aldiz, ekainaren 20ean 22:00etatik 01:00era Elektro taldeen emanaldian zehar, ekainaren 21ean Suneren kontzertuan, 22:30etik 02:30era, ekainaren 23an Gatiburen kontzertuan, eta ekainaren 27an (22:00etik 01:00era) Ladilla Rusaren emanaldian, ekainaren 28an (22:30etik 02:30era) Judelineren kontzertuan eta ekainaren 30ean, 21:30etik 01:30era Diskofesta bitartean ere Puntu Morea izango da. Era berean, ekainaren 27an Istillaga plazan ere jarriko dute Puntu Morea (18:00-21:00), Gaztegunea biolentzia matxisten kontrako eremu segurua bilakatuz. Eta Ficobako Herri Bazkarian ere 17:00etatik 20:00etara Puntu Morea presente egongo da ekainaren 21ean.
Gainerakoan, "Telefono Morea" (607 070 202) ekainaren 13ko 17:00etatik ekainaren 15eko 17:00ak arte aktibo egongo da, ekainaren 20tik uztailaren 1era 24 orduz martxan izango da telefono bidezko arreta zerbitzua eta indarkeria matxisten biktimentzako akonpainamendu zerbitzua. Honakoa Isabel Fornieles Pereira psikologoak kudeatuko du.