Ficobak aparkalekuaren doako ordutegia 07:00etara aurreratuko du, alternatiba bat eman nahian

Antxeta Irratia 2025ko eka. 4a, 11:45

Ficobako kanpoko aparkalekuaren eguneko doako ordutegia 07:00etatik 22:00etara izango da hemendik aurrera. Orain artean baino ordubete lehenagotik emango du zerbitzua, aparkaleku disuasorio gisa eta lanera joateko alternatiba behar duten herritarren faborez. Kostorbe-Gal ordainpeko TAO gune berria hutsik aurkitzen da ordaindu behar denetik, hain justu, hau indarrean sartu den aste berean hartu du Ficobak erabakia.

Irungo Udalak TAO eremu berriak indarrean eman dituen aste berean, FICOBAk bere kanpoaldeko aparkalekuaren doako ordutegia zabaldu duela jakinarazi du. Hain justu, Kostorbe-Gal TAO eremuan ordaindu behar denetik, erdi hutsa aurkitzen da egunean zehar. Izan ere, herritar eta enpresa txiki askok gune hau erabili ohi zuten haien ibilgailuak bertan aparkatzeko. 

Aparkatzearen presioa TAO eremuetako mugetan sentitu ohi den bezala, egunotan Ficobako aparkalekuaren erabilerak gora egin du ere. Baina orain artean 8:00etatik 22:00etara muxu truk aparkatu zitekeen bitartean, hemendik aurrera, 7:00etan hasiko da zerbitzua. Argitu dutenez, herritarren eta hainbat kolektiboen eskaerari erantzunez hartu dute erabakia, erabiltzaile askok aparkaleku disuasorio gisa baliatzen dutelako. Eta euren lan ordutegiak kontuan hartuta, autoa Ficoban goizean goiz uzteko beharra adierazi dute. 

Kostorbe-Gal eremuko aparkalekua erdi hutsik aurkitzen da egunotan, ordainpeko TAO eremu bilakatu denetik. 

Neurri honekin, Ficobak herritarrenganako konpromisoa berresten duela nabarmendu du, beharrei erantzuteko eta mugikortasun jasangarriago baten aldeko apostua egiten duela oroitarazi du. Izan ere, eguneko doako ordutegian ibilgailua bertan aparkatzen duten askok, beste lankideekin autoa partekatzeko bilgunea izan ohi dute, edota aldamenean dagoen Euskotren zerbitzua erabiltzeko aprobetxatzen dute. 

Era berean, Ficobak oroitarazi du, gaueko 22:00etatik 07:00etara aparkalekuan gelditzen diren ibilgailuek 15 euroko (BEZ barne) tarifa ordaindu beharko dutela, orain arte bezala.