Luis Mariano kalearekin batera, Irunen oinezkoei lehentasuna eman zitzaien aurreneko inguruetako bat da Juan Arana eta Serapio Mujika eremua. Aspaldi izan zen hori, eta gune komertziala den heinean, auzotarren ibilgailuen joan-etorriaz gain, zamalanetako furgoneta eta kamioien ondorioz errepidea eta espaloiak nabarmen kaltetuak daude. Hori dela, eta auzokideen eskaerari erantzun nahian, Irungo Udaleko Obra, Mantenu Lan eta Azpiegituretako arloak 40.000 euro inguruko inbertsioa egingo duela jakinarazi du, Pio XII. plaza inguruko bi bide horiek konpontzeko.
Gorka Alvarez udal ordezkariak azaldu duenez, «obra txiki bat da, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, bizilagunek eskatu baitute, eta salerosketa gune garrantzitsua izateaz gain, ibilgailu asko pasatzen dira bertatik egunero».
Lanak bi fasetan egingo direla aditzera eman du. Lehen faseari ostegun honetan ekingo diote, Juan Arana kalean, eta Sanmartzialak hasi baino lehen amaitzea espero dute, ekainaren 23rako. Izan ere, bi aste iraungo du gutxi gorabehera. Bigarren fasea, aldiz, jaiak amaitutakoan egingo da, Serapio Mujika kalean. Alvarezek argitu duenez, bi kasuetan, bide erdiko asfaltoaren erdian dauden hormigoizko egitura transbertsalak kendu egingo dira, eta asfaltozko zoladura berritu egingo da. Bereziki, estolda-zuloa edo arketa eta halako burnizko egituren inguruak oso narriatuak baitaude. Era berean, kalearen erdiko ubideko pieza hautsiak konponduko dituzte, eta egoera kaxkarrean dauden espaloi zatiak ere konponduko dituzte.
Zirkulazio aldaketak
Udalak inguruko kaleetako auzokideak informatu ditu, obrak egingo dituzten bitartean ibilgailuen zirkulazioan emango diren aldaketei buruz. Aureliano Lopez kalean bi norabidetan ibili ahalko da obrak egin bitartean, bi faseetan. Era berean, Juan Arana kaleko obrak egingo direnean, Serapio Mujika kalean bi norabidetan zirkulatu ahalko dute kale horretan garajeak dituztenek, eta zamalanetako ibilgailuek. Juan Arana kaleak funtzio bera izango du Serapio Mujikako lanek iraun bitartean. Lopez de Becerra kalean (Amaia KZren atzeko sarrerako maldan), aldiz, aparkalekuak kendu egingo dituzte obrak dirauten bitartean.