Irungo jaietako kontzertu eta ekitaldi nagusiak denen eskura jarriko dituzte

Antxeta Irratia 2025ko eka. 5a, 11:01

Puro Relajo, Fangoria, Gatibu, Jamaica Show taldeen kontzertuak eta San Juan suaren ekitaldiaz gozatzeko aukera izango dute mugikortasun urriko pertsonek aurten ere. Haientzako erreserbatutako 20 lagunentzako espazio goratu bat instalatu du Irungo Udalak, jaiak irundar guztientzako irisgarri izan daitezen. Ficobako ferietan ere, ekainaren 14, 18 eta 25ean musika itzaliko dute 17:00etatik 19:00etara, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonekin pentsatuz. 

Sanpedro eta sanmartzialak ate joka ditugun honetan, Irungo Udalak lanean jarraitzen du jai inklusibo eta irisgarriak izan daitezen bermatzeko. Horretarako, irisgarritasun irizpideak jarraituz, hainbat neurri hartu dituzte, jaietako egitarauan programatutako kontzertu eta ekitaldi garrantzitsuenetan, herritar guztien aukera berdintasuna ahalbidetzeko. 

Iaz bezala, aurten ere plataforma goratu bat instalatuko dute kontzertu eta ekitaldietan mugikortasun urriko pertsonentzat. Egitura hauek erabiltzeko interesa dutenek ekainaren 6tik aurrera egin dezakete eskaera, Udalaren webguneko inprimaki honen bidez. Kultura arlokotik harremanetan jarriko dira izena eman duten guztiekin, eskaeraren egoeraren berri emateko, eta behar den dokumentazioa eskatzeko.

Plataformak hogei lagunentzako lekua dauka, bertara igotzeko arranpla bat, eta kartelak jarriko dira inguruan, mugikortasun urria dutenentzat erreserbatutako espazioa dela adierazteko. Iragarri dutenez, arduradun batzuk egongo dira bertan, sartzen den orok baldintzak betetzen dituela kontrolatzeko.

Irungo Udalak jakinarazi duenez, ekainaren 13an "Puro Relajo" taldearen kontzertuan, ekainaren 14an "Fangoria", ekainaren 23ko San Juan suaren ekitaldia eta Gatiburen kontzertua, eta ekainaren 28ko "Jamaica Show" taldearen emanaldia segitu ahal izango da bertatik.

Ficobako feria inklusiboak

Bestalde, joan den urtean bezala, aurtengoan ere Ficobako feria edo zaldiko-maldikoetan jarri ohi duten musika itzai egingo dute ekainaren 14a, 18an eta 25ean, 17:00etatik 19:00etara. Ordutegi horietan autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) eta hipersentsibilitatea duten pertsonek ere atrakzioez gozatzeko aukera izango dute, musikaren trabarik gabe.