Galzorian egon den pottokak etorkizuna bermatua dauka Jaitzubiako zalditegian

Antxeta Irratia 2025ko eka. 6a, 10:22

Jaitzubia Hipika Klubak eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak sinatutako bost urtetarako akordioaren arabera, galtzear zegoen pottoka bezalako espezie bati etorkizuna bermatzeko eta kirol munduan sartzeko esfortzua eginen du zalditegiak, beti ere, pottokazaleen elkartearen laguntzarekin. Hazle gisa zubilana egingo duten bitartean, entrenamenduetarako, lehiaketetarako eta mendira egiten dituzten irteeratarako baliatuko dute pottoka Irunen. 

Irungo Jaizubia Hipika Klubeko instalakuntzetan sinatu zuten atzo, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak eta kirol elkarteak berak galtzear egon den espezie bati etorkizuna bermatzeko hitzarmena. Irungo klubak hartuko du pottokak hazteko konpromezua, baita honi kirolerako eta aisialdirako erabilpen bat emateko ere. Bost urteko akordio bat izango da, gehiago ere luzatu ahal izanen dena, beti ere bi aldeak ados badaude. 

Itziar Urtizberea Jaizubia Hipika Klubeko presidenteak jakinarazi duenez, «lankidetza hitzarmen hau sinatu dugu, kontuan hartuta azken urteetan zaldien erabilpenak izan duen bilakaera. Pottokak jada ez ziren erabiltzen eta guk klaseetan, lehiaketetan edota mendira egiten ditugun irteeretan erabiltzeko konpromezua hartu dugu». Hain zuzen ere, klubeko 6 eta 13 urte bitarteko haurrek izanen dute harreman zuzena pottokekin, eurekin entrenatu edota lehiatuko baitira. Dagoeneko txapelketaren bat jokatuko dute berarekin eta Urtizbereak “kontent” daudela azpimarratu du. 

Aitor Iraeta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko presidenteak adierazi du «Jaizubiaren lana, hain zuzen ere, zubi lana egitea» izango dela, «hazle moduan eta kirol munduak ere pottokak sartzeko». Iraetak gaineratu du, horregatik beragatik «hitzarmen hau garrantzitsua» dela eurentzat. Gauza bera azpimarratu du Iñaki Labakak, Gipuzkoako Foru Aldunduko Lurraldeko Oreka Berdea departamenduko aholkulariak: «Historian atzera eginda, desagertzear zegoen hemengo espezia bat zen pottokena. Pottokazaleen elkarteak mantendu du eta sekulako urrats kualitatiboa eman du ere. 98an sortu zen elkartea eta geroztik, arraza aberastu egin du. Gaur egun hipika proiektuari ere heldu dio eta honek, atzetik, urte askotako lana du. Ezin dugu ahantzi abere bat dela eta jatorria beraz, lehen sektorean duela. Gure partetik eskerrak eta ibilbide oparia izan dezala».