Uztailaren 1eko ohiko pilota jaialdia antolatu du bertze behin Irungo Udalak, aurtengoan Kurpil Kirolak elkartearen eskutik. Bi entitateen lankidetza berhartu da aurtengoan, hirian esku pilotari aukera berriak emateko asmoz. Horrela, goi mailako pilotarien arteko lehia ikusi ahal izanen da Uranzu frontoian. Izan ere, partida nagusian Altuna III-Martija eta Ezkurdia-Rezusta izanen dira aurrez aurre, eta aitzinetik Exposito-Aldabe eta De la Fuente-Bikuña bikoteek jokatuko dute.
Irungo Udaletxeak eta Kurpil Kirolak elkarteak antolatu dute aurten, elkarlanean, Uztailaren 1eko jaialdia, 18:00etatik aitzinera. Bientzat ere garrantzitsua izan da lankidetza hau berhartzea. Borja Olazabal kirol zinegotziak aipatu duenez, “azken urteetan ez bezala, berriro elkarrekin lan egitea” pozgarria da. Luis Fernandez Kurpil Kirolak elkarteko presidenteak zinegotziaren hitzak berretsi ditu: “Pozgarria da berriz ere antolakuntzan egotea. Udaletxeari eskerrak eman nahi dizkiot. Urte osoan egiten dugun lanaz gain, berriz ere partida profesionalen antolakuntza berhartzea ona da. Espero dut dena aurreikusi bezala ateratzea eta frontoia betetzea”.
Olazabalek gaineratu du, “tradizio handiko jaialdia dela uztailaren 1ekoa. Fontoia lepo betetzen da urtero eta modu ona da Irungo bestei bukaera emateko”. Beti esku pilotaren izen handiak hurbiltzen dira Uranzura, baina aurtengoan oraindik ere maila handiagoko partida izanen dela argitu du: “Aurtengoan luxuzko kartela dugu. Beti izaten ditugu pilotari handiak, baina aurten are handiagoak izanen dira, hori posible bada”.
Hain zuzen ere, partida nagusian, Altuna III-Martija eta Ezkurdia-Rezusta izanen dira aurrez aurre, denboraldi honetako irabazle handian. Altuna banakako txapelketako garailea izan da, eta Ezkurdia eta Rezusta aldiz, binakakoan nagusitu ziren. Hori guti balitz, lehen norgehiagokan ere, maila handiko partida ikusi ahal izanen dute bertaratzen diren zaleek, izan ere, Exposito-Aldabe eta De la Fuente-Bikuña bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago.
Pilota jaialdia ikusteko sarrerak gaur bertan jarriko dira salgai www.entradasfronton.com webgunean, 25 eta 30 euroen truke. Uranzu frontoiaren txarteldegian ere eros daitezke, egunean berean, jaialdia hasi baino ordubete lehenago, beti ere guztiak online saltine ez badira. Horrez gain, Inaxio Errandonea ASPEko gerenteak oroitarazi du salmenta berezia eginen dela Kurpil Kirolak elkartearen egoitzan, bertako bazkideentzat, ekainaren 23an, 24an eta 25ean, 18:00etatik 20:00etara.
Honen harira, Kurpileko Iker Bereau pilota arduradunak laguntza eskertu du, nahiz eta momentua aprobetxatu nahi izan duen hirian pilota gehiago ikusaraztea eskatzeko: “Irungo Udaletxeari eskatu nahi diot partida gehiago ekartzeko, aukera bada. Ematen du uztailaren 1ean soilik dagoela pilota Irunen eta gu, adibidez, urte guztian zehar aritzen gara lanean”. Hori hurrengo egunotan ospatuko den txapelketarekin frogatu du: “75. Kurpil Kirola esku pilota txapelketa antolatu dugu aurten ere. Ekainaren 16an finalerdiak izanen dira eta finalak berriz, ekainaren 20an”.
Honekin guztiarekin, pilota protagonista izanen da berriz ere hilabete honetan, Irungo besten karietara. Zaleak Uranzu frontoia beteko dute hurrengo egunetan, nahiz eta, gibeletik eta modu ikusezinean, pilotariak urte guztian zehar izanen dira lanean kirol honen sustapenean.