Joan den asteburuan motorrak berotu ondoren, hurrengo asteburuan hasiko dira ofizialki Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak. Inori ez zaio oharkabean pasatzen, denei irekitako ekitaldirik jedetsuena Koadrilen Eguneko Herri Bazkaria dela. Antolatzaile eta boluntario diren Betti Gotti elkarteko Amaiur Miguel eta Yera Laka izan ditugu gaur Goizeko Kafean gonbidatu.
2008. urtean antolatzen hasi ziren Koadrilen Egunak 1.800 bazkaltiar elkartuko ditu Ficoban ekainaren 21ean. Betti Gotti euskara elkarte antolatzaileak iragarri duenez, aurtengo zapia berdea izango da, eta bazkaldu ondoren, 16:00etatik aurrera Ficobako ateak zabalduko dituzte DJ Balber-ekin dantzatu, eta ondoren Matraka elektrotxarangarekin batera erdigunera kalejiran joateko. Urtero irudi ikusgarriak eskaintzen dituen ekimena da honakoa, denei irekia eta jendetsua izanagatik.
Yera Laka Betti Gottiko kidearen ustez, «bereizten gaituen arren, Irungo jaietan Alardea dago erdigunean, eta Herri Bazkariarekin eskualdeko gazteak ezberdintasunik gabe biltzeko helburua dugu». Izan ere, bazkarian egingo den banaketa bakarra adinaren araberakoa da. Alde batetik, 23 urtetik gorakoentzat, eta bestetik 22 urtetik beherakoentzat, eta Ficobako pabilioian sartzeko ere banaketa hau errespetatu beharko da. Hala eta guztiz ere, «sentsibilitate ezberdinetako herritarrak elkarrekin jaiak ospatzeko eta jai eredu ezberdin bat bultzatzeko» aukera ematen duela dio antolakuntzako boluntarioen artean den Amaiur Miguelek ere.
Betti Gottik azaldu duenez, aurtengoa antolatzeko Irungo Udalarekin bilerak goiz abiatu zituzten arren, «oztopoak eta zailtasunak» izan dituzte, eta zentzu horretan, adostutakoa errespetatzea eta bidea erraztea eskatzen diote Kultur arloari. Eta bereziki, «boluntarioen lana balioan jarri eta zaintzea».
Ospakizun egun luzea
Zailtasuna zailtasun, aurtengoan ere Koadrilen Eguna herri bazkari erraldoi bat baino gehiago izango da. Betti Gottiko kideek azaldu digutenez, goizeko 9:00etan gosari herrikoi batekin girotzen hasiko dira Urdanibia plaza, eta 9:30ean Irun Hiriko IV. Goitibehera Lehiaketaren zozketa egingo dute. 10:00etan hasiko da urtetik urtera errotzen doan proposamena. «Ikusgarria da, eta Irungo gazte askok denbora eta lana hartzen dute beraien goitibeherak diseinatzeko», dio Amaiurrek, «berandu dabilenak, hala ere, ez du aitzakiarik, antolakuntzatik goitibeherak eskaintzen ditugulako». Yera Lakak gogoratu duenez, laugarren edizio honetan Goitibehera lehiaketa honetan parte hartuko duen aurreneko emakumezkoa espero dute, deialdi berezia egin baitute aurten horretarako.
Goitibehera azkarrenak saritu ondoren, Koadrilen Eguneko Kamiseta Lehiaketaren sariak ere banatuko dituzte. Antxeta Irratiarekin lankidetzan, iaz aurreneko aldiz antolatu zuten. Eta Betti Gottiko kideen ustez, «koadrila askok ohitura hartu dute zapi berbera jantzitzeko adibidez, eta norbere lagun taldearen arrotasuna erakutsi eta irudi edo diseinu deigarri batekin kamisetak jantzitzeko deia luzatzen dugu». Herri txiki askotan egin ohi den ekimena da honakoa, eta Irunen ere, jaiak girotzeko pizgarria izan nahi du. Oraindik ere, diseinu bat pentsatu eta kamisetak egiteko tenorez gabiltzala diote, eta parte hartu nahi duen koadrilak www.bettigotti.eus atarian eta sare sozialen bidez egin dezake.
Sari banaketa ekitaldiak amaitutakoan, 12:00etatik «jai giroak hartuko ditu Irungo kaleak Alde Zaharrean». Txaranga Peña Poteok eta trikitilariek animatuta Alde Zaharrean ibiliko dira, eta 13:15ean kalejiran joango dira Ficobara Herri Bazkariaz gozatzera. Azken edizioetan bezala, Globotxupinazo batekin ekingo diote bazkariari 14:15ean, eta gorago esan bezala, bazkalondoan 16:00etan festa izango da Ficoban bertan DJ Balberrek animaturik. 17:00etan Burrunbarekin dantzaldia izango da, eta eguna borobiltzeko, erdigunean amaituko dute. Horretarako, 20:00etan Ficobatik San Juan plazara Matraka elektrotxarangaren erritmoan egingo dute. Azken urteetan 3.000 lagun baino gehiago bildu dira Herri Bazkariaren itzulerako kalejira honetan.
Arauak eta errespetua
Jende andana festan izango dela kontuan hartuta, Betti Gotti elkarteak eguna ondo joan dadin errespetatu beharreko arau sinple batzuk jakinaraziko dizkiete Ficobako 1.800 bazkaltiarrei, bazkarian zehar ez zutitzeko, janariarik ez jaurtitzeko, eta bereziki, zerbitzari eta boluntarioen lana errespetatzeko.
Bestalde, Irungo Udalak jaietarako antolatutako indarkeria matxisten kontrako Puntu Morea Ficoban izango da ere, 17:00etatik 20:00etara. Eta gehiegizko alkoholaren kontsumoa prebenitzeko ere, informazio puntu bat egongo da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!