Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak ate joka ditugun honetan, Irungo Udalak alkohola eta drogen kontsumo arduratsuari buruzko prebentzio kanpaina abian jarri du. Alkoholaren kasuan, sustantzia legala izanagatik ere, «sozializatuta» dagoen kontsumoa egiten bada ere, gehiegikeriak eman ohi dira jaietan beti. Eta jaietan estreinatzen diren gazte belaunaldiak sentsibilizatzeko zein helduagoei ere informatzeko "Botiltzarra" programa garatuko du ekainaren 21ean Ailaket elkarteak. Urdanibia plazan egingo dute, 21:00etatik aurrera, Suneren kontzertuaren testuinguruan. Baina ahaztu gabe larunbatekoa egun luzea izango dela Irunen, Kuadrilla Eguna ospatuko baitute goizetik, eta Ficobako 1.800 lagunentzako Herri Bazkaria tartean.
Elkarteko Jon Idiazabalek azaldu digunez, «programa ibiltaria da, eta ostatu zein botiloietan edaten dutenengana hurbiltzen gara informatzeko, alkoholaren kontsumo arduratsu bat egin dezaten, eta arriskuez prebenitzeko». Zentzu honetan, Denok Bat ostalarien elkarteak oroitarazi duenez «ostatuak dira alkohola kontsumitzeko gune arautu eta seguru bakarrak». Hala ere, botiloien fenomenoak bere lekua duela aitortu du Ailaket elkarteko kideak, eta herriko jai guztietan horretarako guneak topatzen dituztela koadrila askok. Haiengana jotzen dute, jarrera osasungarriak eta jokabide arduratsuak eta errespetuzkoak sustatzeko.
Droga kontsumoaren errealitatea
Ekainaren 28an, aldiz, droga ilegalen kontsumoa errealitate bat dela aintzat hartuta, drogen testinga ere egingo dute gauerditik goizeko 3ak arte, Sarjia parkean (Urdanibia plaza ondoan). Ez ikusiarena egin beharrean, Euskal Herriko jai guztietan ematen den kontsumo hori kontzientea izan dadin bilatzen du elkarteak. Idiazabalek argi du Irun ez dela uharte bat alde horretatik, eta azken urte luzeetan sustantzien testinga egiteko postua jarri ondoren, eskarmentua dute. Drogaren arriskuez informazioa eman eta kontsumitu aurretik sustantzien segurtasuna bermatzeko erabat anonimoak diren analisiak eskaintzen dituzte postu honetan.
Eta urteak daramatzatenez, Ailaket erreferentziala da dagoeneko, eta kontsumitzaile askok beldurra edo lotsa galdu dute. Irunen "Botiltzarra" programan gazteagoekin aritzen diren bitartean, sustantzien testingaren kasuan batez bestean 25 urte inguruko gazteak hurbildu ohi dira, eta gizonezko gehiago emakumezkoak baino. «Azken urte luzeetan sustantzia ilegalen artean gehien ikusten eta analizatzen duguna da kanabisa, haxixa edo belar bezala, horren ostean gehiena anfetamina, kokaina eta MDMA, eta noizean behin ketamina eta beste sustantzia batzuk ere», azaldu digu Idiazabalek.
Ailaket elkartearen helburua kontsumo arduratsua eta kontzientea egitea da. «Ez da horrenbeste inori esatea hau edo bestea ez kontsumitzea, da azaltzea zer gertatu daitekeen, efektuak eta sustantziaren araberako faktoreak kontuan hartu behar direla», dio Jon Idiazabalek informazioak arriskuak saihesten dituela gogoratuz, «azken batean, norberak bere erabaki propioak hartu ahal izateko informazioa behar du, asumituz gozamena baina baita arriskuak ere, eta ez kontsumitzea inertziaz edo parrandan lagunek egiten dutelako».
Era berean, herriz-herri egindako azterketa hauei esker, elkarteak datu-bilketa garrantzitsua egiten du urtero. Droga kontsumo-ereduak, sustantzien prebalentziak, bilakaera eta adin zein genero rolak ere argitzen baitituzte jasotako laginen bidez. Baita droga berriak identifikatu ere. Horri lotuta, Ertzaintzak aurten ohartarazi duen kokaina arroxa berria denik ukatzen du Ailaket elkarteak. Jon Idiazabalen arabera, "tusi" edo "tusibi" gisa ezaguna Europan hedatzen doan hauts edo pilula formatuan eragin psikodelikoak dituen sustantzien nahasketa bat da. «Normalean kokaina, kafeina eta anfetaminaren nahasketa izaten da», dio. Baina begi-bistaz nahasketa eta bere efektuak iragarrezinak direnez, kontsumitu aurretik informazio puntuan testatzeko gomendatzen dute.