San Martzial egunaren atarian, alardearen gatazkaren konponbidean aurrerapausorik ez da emango. Alarde Publikoak, urtero bezala, honen antolaketa udalak har dezala eskaera luzatu dio udalari erantzunik jaso gabe. Alde horretatik, Elkarrekin Podemoseko Miren Etxebeste Berdintasun arloko udal ordezkari zenetik, tokiko administrazioak ez du urrats esanguratsurik eman. 2022an alarde parekidearen herriko bandera jaso zuen honek udaletxeko arkupeetan, Alarde Publikoari harrera eginez. PSE-EErekin gobernu koalizioan zen orduan Elkarrekin Podemos.
2025eko alardea dator orain, eta sozialistek EAJ dute gobernukide. Thania Pazos, Podemos Euskadiko Feminismo Idazkariak, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea Miren Etxebestek berak, alarde berdinzalearen aldeko «konpromiso argia» exijitu diote udal gobernuari. Irungo Udalak ustezko «neutraltasun» jarrera horrekin, bi alardeak parekatzea gaitzetsi du Elkarrekin Podemosek, eta alarde baztertzailea babestea, eta agertzen duen jarrera pasiboarekin, «gatazka betikotzea» leporatu diote EAJ eta PSE-EEri.
Miren Etxebestek argitu duenez, Gipuzkoako Batzarretan Foru Aldundiak duen jarrera argi geratu da, «Berdintasun zuzendariak Irun eta Hondarribiko alardeen gatazka berdintasun arazo bat dela azpimarratu du». Hortaz, «denentzako alarde bat antolatzeari uko egiteaz gain, tokiko EAJ eta PSE-EEk mantentzen duten jarrera ez da onargarria», Etxebesteren ustez. Egoera desblokeatze aldera, Euskadiko PSE eta EAJ alderdiko buruek tokiko alderdikideei legea bete dezatela exijitzeko eskatu du Elkarrekin Podemoseko kideak. «Jarrera birplanteatu eta 180 graduko norabide aldaketa egiteko eskatu behar zaie, zatiketa egoera gainditzeko, eta udaletik denontzako alarde publiko eta berdinzale bat antolatzeko», aldarrikatu du.
Izan ere, berdintasun irizpide eta araudiak ez betetzearekin batera, etikoki ere zalantzan jartzen ditu Elkarrekin Podemosek jeltzale eta sozialisten jokamoldea. «Bateraezina da martxoaren 8n indarkeria matxistak desagerrarazteko asmoa dutela esatea, eta gero jaietan diskriminazioa babesten duten ekitaldietan parte hartzea», dio Etxebestek. Dioenez, bi alderdietako kide batzuek alarde baztertzailearen aldeko diru bilketetan ere parte hartu dute, Alardealdia dela eta, «alarde pribatu eta baztertzaile bat finantzatzeko».
Irungo V. Berdintasun Plana
Era berean, berdintasun politiketan Irungo Udalak etxeko lanak egin gabe dituela oroitarazi du Miren Etxebestek. Bera Berdintasun arloko zinegotzia zen garaietan, 2020 eta 2022 urteen artean 70 emakume eta kolektiborekin landutako prozesu parte-hartzaile baten emaitza izan zen V. Berdintasun Plana tiradera batean jarraitzen duela salatu du.
Garai hartan, Emakundek dokumentua jaso bazuen ere, garaiko alkatea, Jose Antonio Santano izenpetutako bigarren agiri bat jaso zuen Eusko Jaurlaritzako erakunde honek ere, alardearen puntuan adostutako zatia ezabatuta. Emakundek agirietako zein zen egokia galdetu zuen, bat onartu eta Irungo Udala garatzen hasi ahal izateko. Baina orduz geroztik, Irungo Udalak aurreko IV. Berdintasun Planarekin jarraitzen du.