Cristina Laborda Irungo alkateak IAM pabilioiaren «proiektua aurrera eramateko urrats garrantzitsua» iragarri zuen atzo. Gorka Alvarez, EAJko bozeramailea zuhurragoa izan da gaur. Aitortu duenez, «orain arte infografia batzuk eta ideia preliminar batzuk besterik ez daude», eta instituzioek eskatu diete proiektu posiblea jorratzeko. Alde horretatik, «Santanoren garaian sozialistek kanpaina proiektu bezala aurkeztu egin zuten, eta errealitatera ekarri beharra dago oraindik», argitu du jeltzaleak.
Irungo Udaleko Obretarako ordezkaria den heinean, IAM nola gauzatuko den argitzeko oinarrizko proiektu erredakzioa enkargatuko dutela azpimarratu du. «Alde batetik, Ficobaren potentzialitate eta bilakaerari nola eragingo dion, kirol ekipamenduen aldetik nolako erantzuna emango dion, eta kultura arlotik ere, nola asetu beharko den argitu beharra dago oraindik» azaldu du. Eta hartara, arkitektoek egingo duten oinarrizko proiektuaren azterketa enkargatuko dute lehiaketa bidez.
Horretarako 403.172 euroko inbertsioa iragarri zuen atzo Cristina Laborda alkateak, gogoratuz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren babesa duen proiektua dela, aurrekontu edo laguntza konpromiso ekonomiko zehatzik gabe oraindik, baina ez daukala Eusko Jaurlaritzaren babesarik oraindik. Beraz, aipatutako oinarrizko proiektua zehaztuko dutenean, «denek bat egiteko aukera» bilatzen du alkateak. Kontuan hartu behar baita, 2029an Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa Irunen jokatzeko konpromisoa hartu duela, eraikitzeko dagoen IAM pabiloian bertan.
Esan gabe doa, Bidasoa eskubaloi kirol klubaren babes osoa izan duela Irungo Udalak proiektua planteatu zuen memento beretik. Artaleku kiroldegiak ez baititu egun Irudek Bidasoak Europan jokatu ahal izateko baldintzak betetzen. Eta azken urteetan EHF Europa Ligan aritzeko salbuespen bat egin dute. Era berean, Espainiako Eskubaloi Federazioarekin hainbat bilera eta agerraldi egin dituzte, proiektua gizarteratu eta erakundeen babesa eskatzeko. Borja Olazabal Kiroletako ordezkaria eta Cristina Laborda alkatea federazioko presidentearekin, Francisco V. Blazquezekin batera, hainbat alditan bildu dira zentzu horretan, bai Madrilen, baita Irunen ere.
Milioi askoko inbertsioa
Irungo Udalak hirigintza planean proiektua eraikitzeko "argi berdea" eman eta gero, IAM pabilioiak 40 milioi euroko inbertsioa beharko zuela iragarri zuten. Baina egun oraindik ere ez da ezer zehaztu ahal izan. EAJko Gorka Alvarezek esan bezala, infografia eta asmoak besterik ez daudelako.
Hortaz gain, pabiloiaren aforoa, eserita daudenentzat 5.000 ikuslerentzat izango da kirol ekitaldietan, eta zutik daudenentzat 10.000 ikusleentzako. Eta tamainako azpiegiturak bestelako inbertsio batzuk eskatuko ditu. Ficobako aparkalekuan eraiki nahi du udalak IAM kirol eta kulturarako pabiloia, eta joan den maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten HAPO aldaketa, Kostorbe eremuari dagokiona, eta Ficobari erantsita dagoena. Egungo azaleko aparkalekuaren eremuan eraikiko lukete, eta lurrazpiko aparkalekua egin beharko denez, honek proiektua garestitzen du batetik.
Baina Gorka Alvarezeri ez zaio oharkabean pasatzen, argitu beharko dela ondo, zer kostua izango duen halako azpiegitura batek, inguruan beste behar batzuk sortuko dituelako, garraioa, sarbideak eta eragingo dituen trafikoak bideratzeko. «Behar handiak txertatu beharko dira, milioi euro askoko inbertsioa egin beharko da gauzatzeko, eta ikusiko dugu zein ondorioetara iristen garen azterketa honekin, egingarria den ala ez».
Dena dela, 403.000 euroko gastua egingo dela kontuan hartuta, aurrera begira proiektua bideragarria delakoan daude udal agintariak. Gainerakoa, dirua hutsean gastatzea bailitzake.