San Juan gaueko errituaren sokari helduta hasiko dira ofizialki Irungo jaiak

Antxeta Irratia 2025ko eka. 23a, 10:38

Ezezagunok antzerki taldearen pregoiarekin, eta Kemen dantza taldeak Soka Dantza eta Arreskuarekin herriari dantza egin ondotik hasiko dituzte gaur Irungo jaiak ofizialki, San Juan sua piztearekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur San Juan gaueko ospakizunetan arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei, eta istripuak saihesteko prebentzio neurriak eta gomendioak eman dituzte suhitzaile, udaltzain eta babes zibileko zerbitzuek.

 

Irunen, San Pedro eta San Martzial jaiak ofizialki abiatzeko eguna izaki, gaur San Juan plazan, Ezezagunok antzerki taldea izango da protagonista. 2007an sortua, Luisma Morenok, Miren Etxeberriak eta Ana Perezek urteotan sustatutako irabazi asmorik gabeko antzerki elkarteak egindako lana balioan jarri nahi izan du Irungo Udalak. Izan ere, desgaitasun intelektualen bat duten herritarrei, antzerkian aritzeko aukera eman die, eta jendaurreko antzezpenak egitearekin batera, hainbat sari jaso izan ditu orain artean. Juan Mayorga eta Antonio Morillas Egokitzapen Onenaren estatu mailako saria, adibidez. 

Pregoilari bereziak izango dira aurtengoan, eta ondoren, urtero bezala, San Juan sua piztuz ekingo diote jaiei. Irungo Udaltzaingoak plazan segurtasun neurri guztiak hartuko ditu. Eta era berean, ezbeharrak saihesteko ere, Irungo auzoetan eta zenbait kolektibok antolatzen dituztenetan ere, segurtasun baldintza batzuk bermatu behar dituzte udalaren baimena jasotzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzutik ere, gaurko gauean emùan daitezkeen istripuak prebenitzeko gomendioak plazaratu ditu.

Joxe Maria Azkoaga, zerbitzuburuak azpimarratu duenez, suteen prebentzio eta su itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua erabat operatibo egongo da gauean, lurraldeko 8 suhiltzaile-parke alertan, eta beharrezkoa izanez gero, esku hartzeko prest. Alde horretatik, Foru Aldundiak landaredi handia duten guneek duten arriskuaz ere ohartarazi du, batez ere zuhaiztietan. Eta beraz, horrelako guneetan suak ez egitea gomendatzen du. Suhiltzaileen foru zerbitzutik, ospakizuna amaitzean, erretxinak ondo itzaltzearen garrantzia azpimarratzen dute, izan ere, askotan sua itzalita dagoela dirudienean gertatzen dira ezbeharrak, sugarrak biziarazi daitezkeelako. GOMENDIOEN ZERRENDA BEHERAGO *

Sanmartzialen txinparta

Gainerakoan, Irunen gaur 19:00etan San Juan Zuhaitza ezarriko dute plazan, eta 20:45ean, aldiz, Kemen dantza taldeko dantzariek Aurreskua dantzatuko dute. Amaia eta Saioa, Kemeneko dantzariek gogoratzen dutenez, duela zenbait urte neska eta mutil dantzariek parte hartzen duten Soka Dantza egingo dute, eta herriari dantzatuko diote. Suaren inguruan dantza egin ondoren, 22:30ean Burrunba Elektrotxarangak San Juan plaza inguruak animatuko ditu. Eta gero festa Urdanibia plazara lekuz aldatuko da, Deklibe talde irundarra telonero lanetan, eta gauerdian GATIBUren kontzertuarekin gaua borobilduz.

* SAN JUAN SUARI BURUZKO GOMENDIOAK

  • Sua zabaltzen lagun dezaketen elementuetatik gertu surik ez egitea, hala nola autoak, eraikinak, erakusleihoak, gas-hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak edo landaredia.
  • Suaren ingurunea garbi eduki, ez hedatzeko..
  • Ez egin 4 metrotik gorako garaierako surik.
  • Ez piztu surik haize handia badabil.
  • Gasolina, disolbatzaileak edo alkohola bezalako likido sukoiak ez erabiltzea; horren ordez, papera edo lasto lehorra erabili.
  • Erregai arinak ekiditea, hala nola paperak, oihalak, plastikozko kurrixkak edo konfetia, haizeak eraman ditzakeelako.
  • Material arriskutsuak ez bota sutara: produktu piroteknikoak, sprayak, latak, pneumatikoak, zaborra edo plastikoak, ke toxikoa sortzen dutelako.
  • Itxi inguruko leihoak eta balkoiak, txinpartak etxebizitzetan sar ez daitezen.
  • Adingabeak une oro gainbegiratzea: pertsona heldu batek kontrolatu behar du sua.
  • Segurtasun-distantzia mantentzea eta jendea gehiegi ez hurbiltzea edo suaren gainetik salto egitea saihestea.
  • Su-itzalgailu bat edo mangera bat eskura izatea prebentzio-neurri gisa.
  • Lekutik alde egin baino lehen, ziurtatu ez dagoela ez sugarrik ez erretxinik. Estali hondakinak lurrarekin edo harearekin.
  • Edozein larrialdi edo gorabehera izanez gero, berehala deitu behar da 112 (SOS Deiak) telefonora.