Goitibehera diseinu anitza, eta jaitsiera parekideagoa izan da aurten San Martzial maldan behera

Antxeta Irratia 2025ko eka. 23a, 11:07

Aurreneko aldiz emakumeak ere animatu dira Betti Gotti elkarteak antolatutako jaietako Goitibehera Lehiaketan. Laugarren edizio honetan 3 estreinatu dira; Marina Urieta, June Mekoleta, eta Ilargi Lorenzo. Parte hartzaile guztiek saria jaso badute ere, minutu eta 21 segundoko kronoarekin azkarrena David Martinez izan da. Bigarren saria Ander Gamonek eta Alain Pardok eraman duten bitartean, Unai Arretxek osatu du podiuma, eta originalenak Beñat Irazusta eta Jon Vesga izan dira.

Iaz 12 izan ziren lasterkariek diseinatu eta eraikitako goitibeherak. Aurten 13 izan dira, eta Betti Gotti elkarte antolatzaileak egindako deiari erantzunez, parte hartzeak ere gora egin du Irun Hiria IV. Goitibehera Lehiaketan. Izan ere, iazko 14 parte hartzaileen aldean, aurtengo zenbait goitibeheratan bi eta hiru partaidek egin dute San Martzial kaleko maldan beherako lasterketa, eta parte hartu duten 17 lagunen artean gainera, 3 emakumezkoak izan dira. 

Betti Gotti elkarteak garai bateko usadio handiko  goitibeherak berreskuratu eta errotu nahian dabil Irungo Kuadrillen Eguneko goiza girotze aldera. Eta urtetik urtera ikusmin handiagoa sortzeaz gain, laugarren edizio honetarako bota duten erronka bete dute. «Lehen emakumeak parte har zezan nahi genuen, eta azkenean hiru animatu dira», azpimarratu digu Joxeja Zabalo antolatzaile eta lasterketa bitxi honen animatzaileak.

Zehazki, Marina Urieta, June Mekoleta, eta Ilargi Lorenzo izan dira aurten aurreneko aldiz animatu direnak. «gozatu dute, pozgarria izan da, zoragarri, helburu hori ere beteta», dio Zabalok. Parte hartzaile guztiek jaso dute sariren bat, izan ere, Eguzkilore baten ikurra banatzen dute antolatzaileek euskal kulturari keinu bat eginez. Baina San Juan plazatik Urdanibia plazara bitarteko zatian, zigi-zagaka, minutu eta 21 segundoko kronoarekin azkarrena David Martinez izan da. Bigarren saria Ander Gamon eta Alain Pardok eraman duten bitartean, Unai Arretxek osatu du podiuma. Bestalde, Beñat Irazusta eta Jon Vesga originaltasunaren saria eskuratu dute, "Aladino"ren goitibeherarekin. Lehenego neska ere, Ilargi Lorenzo saritua izan da.