Palestinari elkartasuna adierazteko, Israeli boikota egiteko eta gerra inperialisten aurkako jarrera erakusteko helburuarekin, mobilizazio sinboliko zabala luzatu dute Irunen, ekainaren 26an. Urdanibia plazan, 20:00etan, palestinar ikurrinak eta babesa erakusteko edozer eramateko eskatu dute. Deitzaileek Amerikar Estatu Batuen (AEB) eta Israelgo estatuaren "hegemonia mantentzeko saiakeratzat" jotzen dituzte azken bi asteetan emandako bonbardaketa eta erasoak. Eta haien arerioak ahultzeko asmoz "alde bakarreko biolentzia hedatzen duten estatu oldarkorrak" direla salatzen dute. "Dekadentziaren aurrean, yankiek aldebakarreko gerren aldeko hautua egin dute”, ohartarazi dute. Eta Palestinako genozidioa ahalbidetzeaz gain, orain Iran erasotu izanarekin "gerra katastrofiko berri batera amilduko ez ote gaituzten" kezkaturik azaldu da kolektiboa.
Alde horretatik, Iraken gerran gertatu izan zen bezala, Israel eta AEB erregimen inperialek “mantra bera” errepikatu dute orain, Iran arma nuklearrak ekoizteko zorian dagoela. Osteguneko mobilizazioaren antolatzaileek gogoratzen dute, aldiz, Israel dela ekialde hurbilean armak dituen herrialde bakarra. Eta era berean, inoiz bonba nuklearra bota duen herrialde bakarra AEB izan zela, herritar zibilen kontra II. Mundu Gerran, Japoniako Hiroshiman. “Erregimenaren hedabideek kontrakoa esan arren, AEB eta Israel dira munduko herriek daukagun mehatxurik handiena, haiek dira, bakearen etsairik handienak”, argitu dute.
Haatik, Europako Batasunaren jarrera “epela” deitoratu dute. Israelen "sarraskien konplizetzat" seinalatu dute Europako Batasuna, baita palestinarren kontrako genozidioaren “beharrezko laguntzaile” ere.
Estrategia oso baten parte
Bestalde, azken gertakariak eta Palestinako genozidioa ez dela “ausaz gertatu” iritzi dute, "erresistentzia oro akabatzeko estrategia erregional baten parte" izateari egotzi diote arrazoia. Estrategia horren parte dira Libanoren kontrako erasoak, Siriako gobernu aldaketa, Yemenen aurkako bonbardaketak eta azken egunetako Iranen kontrako erasoak.
Israel estatua "egitasmo militar-koloniala" dela ohartarazi dute, eta eratu zenetik Palestina konkistatzea, judutarrentzako soilik izango den lurraldea eraikitzea eta odolustea eragin dituztela salatu dute. "Egoera politiko eta geopolitiko honen aurrean, euskaldunek mobilizatzen jarraitu beharra" dutela uste du talde honek, Palestinarekin bat, erresistentzian dauden herrien alde eta sionismoaren aurka.
Hartara, palestinar herria banesteaz gain, gizarte zibila mobilizatuz aktibatu nahi dute ostegunean 20:00etan Urdanibia plazan antolatutako ekimenarekin. Eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko, urrats bat egiteko deia luzatu dute Israeli boikot eginez, eta agintari eta enpresariei Israelen aurkako santzioak eta desinbertsioak exijituz. Irunen, adibidez, CAF enpresari exijitu diote ez daitezela proiektu sionistaren parte izan. Eta uko egin diezaiotela Jerusalemgo trena eraikitzeari. "Isolamendu politikoa eta ahultze sozio-ekonomikoaren bidez elkartasuna erakustea", alegia. Hortaz, Israelen ekoitzitako edota Israelgo enpresek babestutako produktuak ez erosteko deia egin dute, ezta KKR diru funtsak babestutako musika jaialdietan parte hartzea ere.