Giro beroa izan da gaur Irungo sanmartzialetako Alarde Egunean. Baina 29 urtez luzatu den gatazkagatik baino, termometroek markatutako bero sapak bultzatuta. Atzoko San Pedro egunean hainbat lagun bero kolpeengatik artatuak izan ondotik, beroaldiagatik iragarritako alerta horiak kantineren abanikoak goizean goizetik espaloietan ere orokortzea ekarri badu, aurtengo Alarde Egunean astindu den gauza bakarra izan da.
Maite Vergara, Alarde Publikoaren jeneralak egoerak «hobera» egin duela aitortu badu ere, oraindik «denontzat izango den alarde bat lortu eta auzia konpontzeko» dagoela azaldu du aurten. Eta beroagatik historiara pasako den ekainaren 30 honek, ez du aurrerapausoetan bederen historiarik egingo. Irungo Alarde pribatu eta baztertzailea batetik, eta Alarde Publiko eta parekideak bestetik, hartu dituzte hiriko karrikak, norbere zaleen txaloek babestuta. Baina ez kalean, ezta erakundeetan ere, ez da aldaketarik eman.
Izan ere, goizetik hasita, Urdanibia plaza inguruko aldarrikapen pankartak alarde baztertzailea abiatu ondotik ezarri dituzte, "Ez dezagun afera betikotu" bezalako mezuekin, eta Peña kalean "Laborda, udaletxetik konponbidea zor da" gogoratzen dioten arren, garai bateko kaleko tentsioak eta diskurtso aldarrikatzaileek, norbere alardea antolatzeko baimena duenaren konformismoari utzi dio paso, bistan denez. Horrenbestez, Cristina Laborda alkateak ez du bere diskurtsoa txintik ere aldatu. Alarde Publikoari harrera egin ondoren «Irungo egun handia ospatzeko egun eguzkitsua dugula» nabarmentzeaz gain, alkate gisa «errespetuz eta elkarbizitzan oinarrituta, alardea legaltasunetik bizitzeko bi modu daudela» aitortuz festaz gozatzeko deia egin baitu.
Udalaren betebehar politiko eta etikoa
Irungo Udalak azken urteetan egindako keinuen ondotik, Cristina Laborda alkateak eta udal gobernukideak udaletxeko balkoian bi alardeei harrera egin diete. Baina apirilaren 1ean Alarde Publikoak alkateari egindako alardea udalak antolatzeko eskaerak ezezkoa jaso du. Antxeta Irratiak jakin izan duenez, aurten Cristina Labordak erantzun egin du bederen, Maite Vergara jeneralari «argudiorik eman gabeko ezezkoa jakinarazi baitio».
Bien bitartean, Alarde Publikoak handitzen eta garatzen jarraitzen du. Inma Landa, jeneral ohia eta alarde berdinzalearen aldeko militante historikoak Antxeta Irratian aitortu duenez, «San Miguel konpainia eta gero, aurten Meaka konpainia sortu da, eta epe labur batean asko handitu egin da alarde parekidea». Handitzen eta gaztetzen doan heinean, belaunaldi berrien «urrats logikoa» den bitartean, «gatazka betikotzeko arriskua» dagoela aitortu du. Izan ere, «udalak keinu batzuk egin ditu, baina ez da nahikoa, Alardea bera bezain tradizio zahar eta errotua da Alardea Udalak antolatzea, eta alkateari dagokio konpromiso demokratiko hori betearaztea», aldarrikatzen du Landak.
Alde horretatik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duela dioen Udalbatzak «eginbehar etiko eta politikoa» duela gogoratu dute, herritar guztientzako Udal Alarde parekide bat antolatzea. Hala oroitarazi dute gaurkoan ere, Irungo udaletxera Alarde Publikoa babestera hurbildutako ordezkari politiko eta instituzionalek ere. Urtero bezala, Emakunde eta Arartekoa ez ezik, talde politiko ezberdinetako ordezkariek babestu dute alarde parekidea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, aldiz, Maite Peña Gizarte Ongizateko diputatua izan da Eider Mendozaren ordez. Diputatu nagusiak, azken urteetan ez bezala, agenda kontuak argudiatuta ez baita bertan izan.
Urteroko adierazpen hutsalak
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestaren arabera, «azken urteetan emandako urratsak aipagarriak badira ere, hauek sendotzeko elkarrizketan eta akordioan aurrera egin beharra» dagoela azaldu du, eta «Irungo Udalak eman beharreko urratsetan Emakunderen babesa izango duela, garrantzitsuena prozesua delako, atzerapausorik ez emateko» argitu du. Gogoratu behar baita, 2022an PSE-Elkarrekin Podemos udal gobernu koalizioak landutako Irungo V. Udal Berdintasun Plana oraindik ere onartu gabe dagoela. Eta hain justu, emakumeen kolektiboekin landutako prozesu parte-hartzaile baten emaitza zen txostena Berdintasun arlotik Emakundera bidali bazen ere, Jose Antonio Santano alkate sozialistak alardearen puntua ezabatuta igorri zuela Emakundera bigarren bertsioa onartu zezaten. Emakundek bi txostenetatik zein zen ona galdetu zuen, baina orduz geroztik, tiradera batean gordeta dago plana.
Miren Etxebeste, Gipuzkoako Podemoseko idazkaria zen garai hartako Berdintasun udal ordezkaria, eta gaur Antxeta Irratiaren galderari erantzunez salatu du, Irungo Udalak ez duela oraindik berdintasun planik indarrean. «Oraingo PSE-EAJ udal gobernu koalizioak nahiago du Berdintasun Plana indarrean ez edukitzea, Emakundek eskatu duen alarde parekidearen aldeko keinu bat ere egin baino, eta agintzen duen Alardearen aferan Berdintasun Legea aplikatzea baino». Are gehiago, EAJko ordezkari Maite Cortina, Berdintasuna eta LGTBIQ+ arloko zinegotzi berriak alarde pribatu eta baztertzailearen hainbat ekitaldi babestu ditu aurten, honek antolatutako ekimenak jarraitzen ikusia izan baita.
EH Bildutik, aldiz, alarde publikoa babestu beharra dagoen guztietan hor izango dela aldarrikatu du Maialen Iriarte, koalizio subiranistako Gipuzkoako buruak. Eta Irungo Udalari «ausardia handiagoa» galdegin dio «aurtengoa beste aukera bat galdu eta gero, behingoagatik irundar guztien eskubideen eta berdintasunaren alde urratsak egin ditzan» eskatu du Iriartek.