Irungo Jaiak amaitu badira ere, gaur Herritar Eguna da Ficobako barraka edo zaldiko-maldikoetan. Prezio murriztua izango dute gaur, haur eta familiek azken eguna aprobetxatu dezaten. Atzo, aldiz, Baserritar Egunarekin borobildu zuten ekainaren 23an ofizialki hasi arren, ia hilabete oso bat barnebildu dituen San Pedro eta San Martzial jaietako egitaraua. Irungo Udalak "Irun ekitaldien hiria" bilakatzeko apustua egina du, eta jaietan ere ahalegin berezia egin dutela azaldu digu Nuria Alzagak, Kultura ordezkari eta alkateordeak.
Berez, ekainaren 7ko asteburuan hasi ziren San Pedro eta San Martzial jaietako hainbat kirol sariekin, eta Irun eskubaloiaren hiriburu bilakatzeko saiakerarekin. «Egia da aurten Espainiako Errege Koparen bueltan oso goiz hasi zela hiria girotzen», aitortzen du Alzagak, «baina udalak kultur-eskaintzan egindako ahalegina handia izan da, eta hori kontzertuetan nabaritu da, jarraitu behar dugu Irun mapan jartzen, eta nik esatea gaizki geratzen da, baina Euskadin erreferentzia bat izan gara aurten ere, halako kartel potenterik izango duten festa gutxi egongo dira», aldarrikatu du.
Horrek bertako zein kanpoko bestazaleak erakarri dituelakoan dago udal ordezkaria. Izan ere, San Juan plazako Fangoriaren kontzertuak 14.000 lagun bildu zituela jakinarazi zuen udalak, eta Gatibu, Sune edo Judelineren emanaldietan ere, Urdanibia plaza jendez lepo egon da. Hala ere, datu zehatz guztien bilana hurrengo egunetan egingo dute, baina udalak duen sentsazioa da «oro har, jai oparoak izan direla, eta antolatutako ekitaldietan herritarren parte hartzea handia izan dela». Nuria Alzaga alkateordeak balorazio baikorra egin du, baina iaz egin bezala, herritarren artean bilan kualitatibo bat egiteko inkesta egin, eta «hobetzen jarraitzeko entzuketa aktiboa» egin nahi duela iragarri du.
Alde horretatik, jaietako programak bildutako 155 ekitaldietatik %60 baino gehiago Irungo elkarteekin batera antolatu dituztela nabarmendu du Alzagak. «Ez naiz nekatuko esateaz elkarteen lana ezinbestekoa dela, eta ekitaldietan milaka pertsonek gozatu dute, baina horren atzean milaka lagunen lana dago», argitu du elkarteetako boluntarioen lana goraipatuz.
Uda luzea aurretik
Nolanahi ere, udarak ez du etenik izango Irunen, eta Kultura arlotik lanean ari dira dagoeneko udako bi hitzordu garrantzitsuenak bideratzeko. Uztailaren 9tik 13ra bitartean ospatuko den Dies Oiassonis (Oiassoko Egunak) jaialdi erromatarraren XV. edizioa batetik, eta aurten indartua datorren Irungo Euskal Jira, abuztua 8tik 10era. Aurten desfilea eguerdian ospatuko dute arratsaldean beharrean, eta herri bazkari handi batekin borobilduko dute, beste zenbait berritasunekin batera.
Nuria Alzagak iragarri duenez, Irungo Udala lanean ari da udako kultur programazioa indartzeko. Zentzu honetan, abuztuaren 14an Moskuko Jaien karietara «Fermin Muguruzaren kontzertuaz gain, beste zenbait kontzertu eta ekitaldi interesgarri ere izango dira Irunen udan zehar». Aurki programa osoa aurkeztuko dutela argitu du.