Irungo herriak ez du Nagore Laffage inoiz ahaztuko

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 7a, 08:09

Nagore Laffage omenduko dute gaur Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartea osatzen duten eragileek. Haren hilketaren 17. urteurrenean, ekitaldia Irungo Emakumeen Etxearen aurrean egingo dute 19:00etan. Agintariek eta Asun Casasolak hitza hartuko dute, eta Esther Barandiaranen eskutik Aita Donostiaren "Oinazez" pieza musikalaz gain, Koro Feministak "Ez beti da ez" abestia kantatuko dute omenaldian.

Nagore Laffage omenduko dute gaur Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartea osatzen duten eragileek. Haren hilketaren 17. urteurrenean, ekitaldia Irungo Emakumeen Etxean egingo dute, iaz bezala. Antolatzaileek argitu dutenez, «17 urte geroago haren oroitzapenak guztion oroimenean eta bihotzetan grabatua jarraitzen duela» erakutsi nahi dute. Izan ere, 2008ko uztailaren 8an, 20 urteko irundar gaztearen hilketak izan zuen oihartzun mediatiko zabala eta gizarte erreakzioa bizirik jarraitu du urteotan guztiotan Irunen.

Haren ama Asun Casasolaren borroka bultzatu eta urtero-urtero Nagoreren memoria presente mantentzeko ahaleginak egin dituzte Irungo elkarte feministek, baita Irungo Udalak ere, urteroko omenaldiekin ez ezik, haren izena duen Palmera Monteroko parkea izendatuz, edota indarkeria matxistaren kontrako Asun Casasola Ipuin Lehiaketa literatur sariketa antolatuz, besteak beste. Asun Casasolak bere alaba gogoan gordetzeko beharra nabarmendu du, baina «atzera begiratu beharrean, aurrera begira halakorik berriz gerta ez dadin». Horretarako, urtero 100ndik gora hitzaldi ematen ditu espainiar estatuko eskoletan bere esperientzia kontatu eta bizitako injustizia salatuz belaunaldi berriak sentsibilizatzeko. 

Gogoan hartu behar da, 2009an herri-epaimahai batek Jose Diego Yllanes Vizcay hiltzaileari 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri ziola, baina 2011an espetxetik lehenengo irteera baimena jaso zuen, eta 2017rako Yllanes, Zuerako espetxean hirugarren graduarekin kalean zegoela, Zaragozako klinika batean lanean ari zela jakjin izan zen gero, eta 2024ko martxoan Auzitegi Nazionaleko Kontentziosoko Salak Jose Diego Yllanesek aurkeztutako «ahanzturaren eskubidea» ukatu egin zion. Bere izena eta gertaturikoari lotutako erreferentziak Google LCC eta Espainiako Datu Babeserako Agentzian (AEPD) blokeatzeko eskaera egin baitzuen. Epaileek Nagore Laffagen «hilketaren baldintza basatiak» aintzat hartuta, eta kasuak izan zuen ohiartzun mediatikoa kontuan hartuta, interes orokorrekoa dela argudiatu zuen hiltzaileak egindako eskaera baztertzeko.

Gogoan hartu behar da ere, Helena Taberna zinemagileak 2016an Nagore dokumentala zuzendu zuela, Goya sarietarako hainbat nominazio jaso zituelarik. Bertan Nagore Laffageren hilketa bortitza azaldu zuen. Eta lanean Asun Casasola Nagoreren amak dokumentalean parte-hartze handia izan zuen. Biktimaren senide zein lagunen testigantzak jasotzen ditu lan honek, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere: fiskala, abokatuak eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariak, besteak beste.

Horiek hala, eta azken urteetan Nagore omentzeko bere izena duen Palmera Montero auzuneko parkean bildu ondoren, iaz lekuz aldatu egin zuten, eta Irungo Emakumeen Etxean errepikatuko dute gaur 19:00etan, Istillaga plazan, Nagore Laffage gogoan gordetzeko ekitaldia.