Irudek Bidasoa Irun Europa Ligako sailkapen fasean onartu dute

Aimar Lopez 2025ko uzt. 8a, 18:26

Bidasoa Irunek ez zuen heldu den denboraldirako Europa Ligan lehiatzeko posturik erdietsi, baina gonbidapen berezi bat galdegin zuten. Uda bukaeran sailkapen fase batean erabakiko da denboraldirako txartela lortuko duten.

Irudek Bidasoa Irunek badu oraindik eskubaloiaren maila gorenean aritzeko aukerarik: klubak jakinarazi berri digunez, EHF Europako ligaren antolatzaileak gonbidapen berezia helarazi die, eta hartaz, Bidasotarrak Europako eskubaloiko maila gorenean aritzeko sailkapen fasean izanen dira, agorrilaren 30etik irailaren 7ra artean.

24 talde izanen dira sailkapen fasean, eta uztailaren 15ean eginen da norgehiagokak zehaztuko dituen zozketa. 12 talde sailkatuko dira, eta taldekako fasera zuzenean sailkatu diren beste 20 taldeekin batera, urriaren 14tik abenduaren 2ra lehiatuko dira. Ondoren, heldu den urteko otsailaren 17tik martxoaren 10era fase nagusia jokatuko da, eta martxoaren 31tik aitzina, finalari begirako sailkapena hasiko da.