Iaz 5.485 bisitari erakarri zituen Dies Oiassonis erromatar jaialdiak. Sendotutako hitzordua izaki, aurtengoa berezia izango da. XV. edizioa beteko baitu, eta terma erromatarrak erdigunean izango ditu. Apirilean ateak zabaldu zituztenetik, bisitarien loraldi bat ekarri du, eta ekaina bitartean 21.000 bisitari lortu ditu museoak. Dies Oiassonis jaialdiak, aldiz, museoaren dibulgazio helburua eta aisialdia uztartzen duela nabarmendu du Irungo Udalak.
Cristina Laborda alkateak gogoratu duenez, duela hiru hamarkada erromatar ondare historikoa balioan jartzeko lanean hasi zirenetik, aztarna arkeologikoak berreskuratu, museoa sortu eta etengabe dinamizatzeaz gain, FICAB zinemaldi arkeologikoa edota Dies Oiassonis jaialdiarekin, «dibulgazioa eta hiria inplikatuz aisialdiaren eta kulturaren ikuspegitik lantzen» jakin izan dute. Alkatearen arabera, «gure iragana eta historiak batzen gaitu, eta aisialdi zein turismo alorrean hiriaren proiekzioa egiteko aukera ematen digu jaialdiak».
Horrela, irizpide zientifikoa baztertu gabe, antzerki klasikoa, tailerrak eta gastronomiaren bitartez, erromatar bizimodua, artea eta kultura nolakoa zen ezagutzeko errekreazio historiko anitz jasoko ditu jaialdiak. Juanjo Jimenez, Oiasso museoaren zuzendariak dioenez, errekreazio espazioak zabaldu egin dira, erromatarrek bainuaren kulturarekiko zuten pasioa erakusteko. Lugo, Tarragona, Merida edo Gasteiztik etorritako errekreazio taldeen eskutik, proposamen anitza izango da. Aurtengo nobedadeen artean, uztailaren 11n Tarragonako Thaleia antzezpen historikoko taldeak Thermae eta Bainea ikuskizunaren hiru emanaldiak dira, larunbat arratsaldean eta gauean eta igande goizean, termen kanpoaldean eskainiko dituztenak.
Izan ere, apirilean ateak zabaldu zituzten terma erromatarrak erdigunean egongo dira. Gaueko bisitak antolatu dituzte, eta leku guztiak agortu egin dira. Baina errekreazio historikoen programazioan, jarduera eta espazio berri bat ere irabazi du jaialdiak. Termen kanpoaldeaz gain, Almudena Grandes plaza. Azken honetan Legio V. bere kanpalekua instalatuko du.
Irundarrak erromatarrez jantziak
Erromatarrek Irunen utzitako ondarea balioan jarri eta ospatzeko 50 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte XV. Dies Oiassonis jaialdian. Hilaren 9an, "Ifigenia" Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Festibalean 2024ko uztailean aurkeztutako obra klasikoarekin hasiko dira, Amaia Kultur Zentroan (21:00). Igandean, aldiz, museoko antzerki talde amateurrak Oiassonensis 17 izenekoa proposatuko du Patxi Perezek zuzenduta.
Jaialdiak 80 postu biltzen dituen Artisau Azoka ere izango du Luis Mariano, Fermin Calbeton kaleak ardatz hartuta. Eta hasierako urteetatik irundarren parte hartzea eskatu duen 'Navigium Isidis' izeneko prozesioa ere ospatuko dute, larunbatean, 19:00etan Zabaltza plazatik hasi eta Dunboako kanalean bukatuz. Juanjo Jimenezek azaldu digunez, 150 lagun inguruk parte hartuko dute berta, erromatar tunikaz jantzita, erromatarrek duela 2.000 urte Oiasso zeneko portuan itsaso denboraldia irekitzeko egin ohi zuten ekitaldia errepikatzeko.
Alde horretatik, herritarrei erromatarrez jantzi eta jaialdian murgiltzeko deialdia luzatu du udalak. Irungo ostalariek ere hala egingo dute, joan den ostiralaz geroztik martxan den Pintxo Erromatarraren Ibilbidearekin. Garaiko osagaiekin sukaldatutako pintxoak eskainiko dituzte hiriko 16 establezimenduk. Eta ostalariek iragarri dutenez, jaialdiarekin bat egiteko eta identifikagarriak izateko helburuarekin, ostatuetako langileak ere erromatar jantziak izango dituzte.
Beste zenbait kultur emanaldi ere antolatu dituzte hiriko elkarteekin lankidetzan. Percy Jackson y el ladrón del rayo pelikula proiektatuko dute, hilak 10ean, San Juan plazan. Eskaintza musikalari dagokionez, Ludi Scaenici elkartearen musika erromatar kontzertua izango da, hilak 11n, Junkal plazatxoan.
Modari buruz ikasteko aukera ere izango dute bertaratuek, ikastaroak antolatu baitituzte.
Erromatar gastronomiak ere leku handia hartuko du, sukaldaritza lehiaketa egingo baita etzi, hilaren 10ean. Orain arte arrain zopa egin izan badute ere, isicia omentata kozinatuko dute aurten. Haragi txikituarekin egindako platera da, eta egungo hanburgesaren aurrekaritzat jo daiteke. Etzi, 19:00etan, Almudena Grandes plazatxoan egingo dute lehiaketa. Kozinatzeaz gain, erromatar gastronomia dastatzeko aukera ere izango da,