Kolektiboa osatzen duten 40 elkarteen izenean (auzo eta guraso elkarteak, kultur eta kirol taldeak…) plazaratu berri duten ohar batean diotenez, 2024ko abenduaren 4ko Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez egin ondoren "Aski Da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu" aurreneko salaketa manifestua plazaratu zutenetik, urrats nabarmenak eman dituzte udal ordezkariekin hartu emanetan. Irungo Udalak publikoki barkamena eskatu zuela gogoratzen dute, eta kolektiboak baikorki baloratu zuela keinu hori. Baina manifestu hura izenpetu zutenek, «keinu zehatzetatik harago, hizkuntza politikak eguneratzeko beharra dagoela Irunen, eta borondate politiko berri baten abiapuntu izan daitekeen elkarlanerako gonbidapena» luzatu zion Irungo Udalari.
Hala, otsailaren 12an elkartu ziren lehen aldiz udal ordezkariekin, eta bertan argi adierazi zizkieten kolektiboaren eskaerak: udal ordenantza lehenbailehen betetzen hastea batetik, eta datozen bost urteetarako Hizkuntza Plana (AROA izenekoa) eragileekin batera osatzea. «Zoritxarrez, ez bata, ez bestea ezin izan zituzten bete: lehena, ordenantza betearazteak denbora eskatuko zuela aitortu zutelako, eta bigarrena, ordurako Hizkuntza Plan bat osatua zegoelako», argitzen du Aski Da! kolektiboak. Hala ere, elkarlanerako bideak bilatzeko asmoz bilera gehiago egin zituztela, eta azkenean «zirrikitu bat» aurkitu zutela adierazi dute.
Hartu eman eraikitzailea
Izan ere, udal ordenantza aztertu eta progresiboki betearazten hasteko konpromisoa hartu zuen Cristina Laborda alkate sozialistak kolektiboarekin. Eta Josu Iguiñiz (EAJ) Euskara zinegotzi berriak bere partetik, Euskara Zerbitzuak antolatutako "prozesu parte-hartzaile" bat proposatu zuen Hizkuntza Plan berrian eragileen ekarpenak jaso ahal izateko. Haien eskaerak «guztiz asetzen ez bazituen ere», eta jakinda plana «ez zela guztiz prozesu parte-hartzaile baten emaitza izango, gaiari modu eraikitzailean heltzea erabaki» zutela dio kolektiboak.
Esan eta egin, maiatzaren 12tik ekainaren 16a bitartean antolatutako hiru saioetan parte hartu dute. Eta aditzera eman dutenez, baikorki baloratzen dute egindako lana: «hasierako alde bietako mesfidantzak eta desadostasunak gaindituz, uste dugu, bai geu, bai Euskara Zerbitzuko arduradunak, gai izan garela modu eraikitzailean jardun, adostasunak bilatu eta Hizkuntza Plan hobe eta osatuago bat egikaritzeko».
Era berean, sei hilabeteko prozesu luze honen ondotik, eragileek frogatutzat ematen dute «borondatea izanez gero, gauzak herritarrokin batera egitea aberasgarria eta mesedegarria dela denontzat». Izan ere, Irungo Udalak landutako AROA plazan 42 ekintza aurreikusten zituen bitartean, partaidetza saio hauen ondorioz, udalak beste 26 txertatzea onartu du, ontzat eman eta bideragarriak direla ulertuta. Dena den, 2029 urtera bitarteko plana dela kontuan hartuta, aurrekontuak bideratu eta ekintza eta programa ezberdinak modu progresiboan garatu beharko direla ez zaio kolektiboari oharkabean pasatzen.
Abiapuntua besterik ez
Alde horretatik, prozesu horretatik eratorriko den plana «ez da ezeren bukaera». Zehaztu dutenez, orain plana martxan jartzea baitagokio Udalari. «Jakitun gara ez dela erronka makala, baina gauzak aurrera txukun eramateko borondatea egonez gero, Euskara Zerbitzuko arduradunek badakite Aski Da! kolektiboak beti izango duela eskua luzatuta laguntzeko», prest azaldu dira aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko.
Alabaina, bien bitartean, eta Irungo Udalak hamarkadatan eraman dituen hizkuntza politiken aldaketa eta borondate berri baten hasiera izatea espero duten bitartean, «irundar guztion hizkuntza eskubideak betearazteko erne egongo» direla ohartarazi dute. Izan ere, «Udalaren jardunean, oraindik betiko inertziek jarraitzen dute, euskara baztertuz edota zokoratuz», salatzen du kolektiboak, eta adibideak jarri ditu, «urrutira joan gabe, San Pedro eta San Martzial jaietan haurrei zuzendutako zenbait ekitalditan edota alkateak berak irundar orori zuzendutako jaien irekiera ekitaldiko hitzartzea ditugu borondate eza horren adibide». Orain Euskara Zerbitzuari dagokio haien ustetan, jokabide horiei heltzea eta inertziei buelta ematen hastea.