Sorotan Beleren akordeek beteko dute Irungo San Juan plaza ostiralean

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 15a, 13:42

Hondarribiko talde mitikoaren 30. urteurrenarekin sortutako ikuskizun musikalaren birak jarraitzen du. Euskal Herri osoan arrakasta bildu eta gero, 2023an bezala, Urbil Artola eta Gorka Sarriegi Irunen ariko dira berriz ere Irun Hiria Musika Bandarekin batera. Uztailaren 18an Irungo San Juan plazan (23:00) 90. hamarkadan euskal musikagintzan ereserki bilakatu ziren akordeetaz gozatzeko aukera izango dute bidasotarrek udako kultura programazioaren barruan. 

1990etik 1996ra bitartean euskal musikagintzan iraultza ekarri zuen Sorotan Bele talde hondarribiarraren akordeak modan daude oraindik ere. Taldearen 30 urtemugaren karietara "Sorotan Bele Gogoan" gira antolatzeko aukera ez zuten oso argi ikusten, baina Euskal Herriari itzulia eman ondotik, bere folk-pop musikaren akordeak gure buruetan iltzatuak dauden bezala, birak bere horretan darrai. Joan den asteburuan Iruñeako San Ferminetan aritu ziren, eta uztailaren 18an Irungo San Juan plazan (23:00) Irun Hiria Musika Bandarekin batera kantuen arregloak eginda, kontzertuaz gozatu ahal izango dute bidasotarrek. 

Ez da aurreneko aldia. Baga Bigaren eskutik, garai bateko musika talde ospetsuen kantuak herrietako musika bandekin jotzeko egokitu, eta omenaldi gira bat antolatzea erabaki zuten 2019an. Pandemia tartean, Hondarribian, herriko musika talde kuttunaren lehen kontzertua atzeratu behar izan zuten. Baina 2022ko uztailean antolatutako kontzertua, azkenik, bikoiztu behar izan zuten ordu erdian Arma Plazan salgai jarritako sarrera guztiak berehala agortu zirelako. Irunen bertan, 2023ko maiatzean Amaia Kultur Zentroa bete egin zuten ere. Baina Sorotan Bele taldeak iraun zuen bitartean utzitako aztarna handia da. Eta ikusmin handia sortu du berriz, San Juan plazan ostiralean emango duten ikusgarria. 

Urbil Artola eta Gorka Sarriegi taldekideek ez zuten oso argi proiektua bere hastapenetan. Baina Urbil Artolak Maia Muruaga lankideari azaldu dionez, Xabier Zabalarena izan zen proiektuaren ideia, Gorka Sarriegi eta berari luzatu ziena. Lehenengo diskoaren kantuekin konponketak eginda. Izen handiko hiru album argitaratu zituen Sorotan Belek, eta abesti asko ereserki bihurtu ziren belaunaldi askorentzat.