Irundik Artikora: senior baten erronka glaziarren eta hartz zurien artean

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 17a, 06:04

Esther Aristieta irundarrak (67 urtekoa) Santa Lucía Seniors Challenge kirol espedizioan parte hartuko du uda honetan. Norvegiatik hasi eta trekking, kayak eta itsas-belan Artikoa zeharkatuko du bi astez «zahartzeari buruzko estereotipoak apurtzeko» helburuarekin.

Esther Aristieta irundarra Svalbard-era (Norvegia) joango da abuztuan bere bizitzako abenturarik handiena gozatzera. Uda honetan Artikoan kirol espedizio paregabe batean parte hartzeko hautatutako bost pertsonetako bat izan da, beste 220 hautagaien artean. Kirolari lotuta egon da beti, eta "Santa Lucía Seniors Challenge" esperientzia osatzeko baldintza guztiak betetzen zituela ikusita aurkeztu zuen bere burua, glaziarren artean, trekking, kayak eta itsas-belan Artikoa bi astetan zeharkatzeko helburuarekin.

Aristietak dio, muturreko erronka honetan parte hartuz mezu argi bat helarazi nahi duela: «Adinak ez ditu gure gaitasunak definitzen, aktibo egotea askatasun mota bat ere bada». 67 urterekin, irundarra hazkunde pertsonalaren adibide bilakatu da, eta bi astez zero azpiko tenperaturak jasanez eta hartz zuriekin espazioa partekatuz «estereotipoak hautsi, zahartzeari buruzko pertzepzioa aldatu eta mugak zalantzan jarri» nahi ditu.