Moskuko jaietan Muguruzaren kontzertua izatea «berezia eta polita» izanen dela azpimarratu dute gaur goizean auzoko banku batean eserita prentsaurrekoa eskaini duten Nuria Alzaga, Irungo Kultura ordezkariak eta Fermin Muguruza musikariak berak. Abuztuaren 14rako ezarri dute hitzordua, eta Irungo Udalak esker hitzak adierazi dizkio artistari: «Udalarentzat plazera da Fermin etxean egotea, eta azken urteetan Irunek izango duen momentu garrantzitsu bat izango da».
Muguruzak ere bat egiten du kontzertuak izanen duen xarma berezia azpimarratzerakoan. «Irunen egitea… hori bai dela opari bat» adierazi du. Izan ere, auzoari begira ari zela eman du inguruarekin izan duen loturaren berri: «Ni ospitale zaharrean jaioa naiz, auzo honetakoa. Kortatu sortu zenetik plaza honekin lotuta egon da beti, dudarik gabe. 1985ean egon nintzen jotzen, 1986ean Sanmartzialetan, 1987an berriz Moskuko festetean, 1988an Artalekun Kilometroen bezperan… Negu Gorriak taldearekin ez genuen kontzerturik egin, baina lehenengo bideoklipa hemen grabatu genuen. 1998an kontzertuan izan nintzen, 2000. urteko nazioarteko bira hemen itxi genuen, 2013an berriz izan nintzen… eta orain egiten ari garen mundu mailako bira hau hasi genuenean eta kontzertuen berri ahoz-aho zabaltzen zenean bakarrik, abuztuan, hemen ere egin genuen bat, Peña kalean».
40 urteko ibilbidea ospatzeko biran Euskal herriko azken-aitzinekoa
Pasa den ekainean 40 urte bete ziren Kortatuk lehendabiziko maketa kaleratu zuenetik, eta horren baitan iragarri zuten mundu mailako bira bat Muguruzak eta bere taldeak. Hasiera batean Bilbon kontzertu bat egitea zen asmoa, baina izandako erantzuna ikusita sentitu zuten «Euskal herrian eta mundu osoan» bazegoela kontzertuen beharra. Hala, han-hemenka kontzertuak eskaintzen aritu ondotik Euskal Herrian izanen den azken-aitzinekoa izanen da heldu den abuztuaren 14an Urdanibia plazan eginen dena, eta «auzora itzultzea oso polita» dela azpimarratu du Muguruzak.
Besta handia antolatu dute egun horretarako. 21:00etan hasiko da kontzertua Iñigoren Dizipuloak taldearekin. Muguruzaren anaia zen Iñigo Muguruzaren ikasleek osaturiko taldea da, mundu mailako bira honen lehendabiziko kontzertuan ere oholtzakide izan zituztenak Muguruzak eta bere taldeak: «Haiek ere hemengoak dira, eta haiek izan behar ziren kontzertua irekiko zutenak» erran du artista irundarrak. 22:00etan izanen da Fermin Muguruza eta taldearen txanda, eta hiru ordu inguruko kontzertua eskainiko dute, «40 urtek askotarako ematen dutelako».
Plaza betetzeko egokitzapenak
Udalak eta artistak berak aurreikusten dute «jende asko» hurbilduko dela, eta beraz, Urdanibia plazara jendea bertaratu ahal izateko neurriak hartuko dituztela adierazi du Alzagak: «Euskotreneko tren bereziak izango dira jendea etortzeko eta ondoren haien etxeetara bueltatu daitezen. Garraio berezia jarriko dugu».
Muguruzak ere bat egiten du aurreikuspenekin, eta «Bidasoako errepublika» zabala dela aitortu du, eta jakin badakitela ingurutik jendea etortzeko gogoz dagoela.