kirola

Irudek Bidasoak aurredenboraldia hasi du, Europara konfiantzaz begira

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 24a, 10:49

Asier Nieto, Sladkowski edo Jon Ander Iribar joan eta Xavi Gonzalez, Xavi Tuà eta Mario Nevadori ongi etorria emanik, elkar ezagutzarako tartea dute lehen egunetan hori-urdinek. Abuztu bukaeran ABC Bragaren aurkako norgehiagoka irabazteko moduan direla uste du Aginagaldek.

Bart arratsean hasi du aurredenboraldia Irudek Bidasoa Irunek, Alex Mozasen agindupean. Duela bi aste jaso zuten Europa Ligako sailkapen fasean aritzeko gonbidapena, eta naturalki horri begira dira agintari, teknikari eta jokalariak. Hala ere, Gurutz Aginagalde lehendakariak argi du lehenago ere egonak direla egoera berean, eta Asobal ligan zein Europan kontzentratzen jakinen dutela. Are, konfiantza handiz ikusten du Europako sailkapena, Braga etsai gisa gainditzeko modukoa delakoan.

Joan-etorri handiko pausaldia izan da aurtengoa, taldearentzat aspaldiko urteetan ezinbertzekoak izan diren hainbat jokalariren agurrarekin, baita odol berriaren iritsierarekin ere. Ilusioz bizi du egoera lehendakariak, eta jokalari gazteak maila ederrean direla irizten du. Jokalarien aldetik ere, elkar ezagutzen, eta liga eta Europa ligarako, bietarako prestatzen dabiltzala dio Gorka Nieto jokalariak, oporretatik itzuli berri baina ilusioz.