Bidasoa Ibaiaren nazioarteko jeitsiera "bikain" igaro zen

Amaiur Miguel 2025ko uzt. 31a, 09:11

Santiagotarreko bi kirolari larunbateko frogan. Santiagotarrak KE

Bidasoa Ibaiaren jaitsieran antolatu zuen asteburuan Santiagotarrak K.Eak. 30 domina eta kluben sailkapenean lehenak izan dira irundarrak. 250 kirolariren parte hartzearekin, azken urteetan baina jendetsuagoa izan da.

Larunbatean ospatu zen Santiagotarrak Kirol elkarteak antolatzen duen Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera. Antolatzaileen hitzetan « bikain » igaro zen eguna.

250 kirolari eta 164 ontzi inguruk parte hartu zuten eguneko proba ezberdinetan. Antolatzaileak pozik agertu dira; izan ere, azken urteetan baina kirolari gehiagok hartu du parte proban. Gainera, 30 kirol elkarte bertaratu dira Bidasoaren bazterretara.

10:30ean Txosna ireki ostean, 15:00etan ekin zioten txikienek kirol lehiaketari. Faisaien irlatik abiatuta 1500 metroko bidea egin ostean Santiagotarrak K.Era iritsi ziren.

Ostera, 17:00etan ekin zioten lehiaketa nagusiari 16 urtetik gorakoek. Beratik abiatuta 10 kilometroko bidea egin zuten lehiakideek. Helduenek San Migueleko geltoki zaharra behin igaro zutenean, infantil, kadete zein kanoek bertatik ekin zioten lehiari.

Azkenik jaitsiera herrikoia abiatu zen. Haiek ere San Migueleko geltoki zaharra izan zuten abiapuntu.

Santiagotarrak, nagusi

Emaitzei dagokienean, Santiagotarrak bera izan zen domina gehien eskuratu zituen elkartea, baita taldeen sailkapenean lehena izan zena.  30 domina eskuratu zituzten irundarrek : urrezko hamalau, zilarrezko hamaika eta brontzezko bost. Bestalde, taldeen sailkapenari dagokionean, alde handiarekin lehenak izan da talde irundarra.

Igandean ere ez zuten atsedenik hartu, Zumaian izan baitziren irundarrak. Urola Ibaiaren Igoera-Jaitsieran parte hartu zuten. Santiago hondartzatik abiatuta 10 kilometroko ibilbidea egin zuten lehiakideek. Oraingo honetan emaitzak onak izan baziren ere, ez ziren larunbatekoen mailakoak izan. Hainbat domina eskuratuta, bigarrenak izan ziren taldekako sailkapenean.