Irungo Udalak tokiko merkatariei eskua luzatu die, beharrak entzun eta formakuntza eskaintzeko

Aitor Errazkin 2025ko abu. 1a, 12:00

Lau topaketa iragarri dituzte irailerako, tokiko merkataritza ahul den honetan haien etorkizuna batera irudikatu eta eraikitzeko. Hilabetero ikusten dira Irunen denda txiki eta ez hain txikien itxierak, eta udalak errealitate hori ikusten duela dio Nuria Alzagak, Hiri Bultzadarako eta Ekonomiaren sustapenerako hautetsiak.

Hala, elkarlana ongi egiteko harreman zuzena izatea garrantzizkoa da beraz udalarentzat. Eta merkatari guztiekin parez pareko harremana izatea beti erraza izanen ez den arren, elkar ezagutu nahi dute, merkatarien arazo eta beharrak zein diren jakiteko. Irunen, orotara, 700 merkatari inguru baitira, eta bertze hainbertze behar eta kexa izanen baitira. 

Horretarako, irailean lau bilkura antolatu dituzte, ordubetekoak eta ordutegi eta leku ezberdinetan, merkatarien ordutegiekin egokitzeko moduan. Eta horrez gain, Irun Commerce Lab gunea sortu du udalak, Serapio Mujika kaleko zortzigarrenean, merkataritzaren beharrez hausnartu eta formatzeko. 

Merkatariekin topaketak irailaren 16an 14:00tan Commerce Laben, irailaren 18an 20:00tan Palmera Monteron, irailaren 23an 14:00tan San Migel auzoko adinekoen lokalan eta irailaren 25ean 20:00tan Commerce Labean izanen dira.