Abuztuaren 14an hasiko dira Moskuko jaiak eta abuztuaren 17ra arte luzatuko dira. Hainabat eta hainbat hitzordu antolatu dituzte auzotarrek, hala nola, kontzertuak, txapelketak, bertso saioa, olinpiadak edo bazkari herrikoia.
Kontzertuak dira jaietako ekitaldi nagusienak. Aurten ere hala izango da. Ostegunean, Fermin Muguruzaren kontzertuarekin batera, « Iñigore Diszipuluak » eta «DJ Ando » ariko dira gaua girotzen. Ostiralean aldiz, « Julen Queen » eta « Nezz », « Goldy », « Moriuk », « Slan » eta « Nea » ren pintxadak izango dira. Larunbatean berriz, « Stepi eta lagunak », « Masta Quba », « Los Santas » eta « Niña Coyote Chico Tornado » igoko dira oholtzara. Azkenik, igandean « Selector Don Loope » emanaldia egingo du Moskun.
Fermin Muguruzaren kontzertuak jaien antolakuntza zein egitaraua moldatzera behartu ditu antolatzaileak. Izan ere, jendetza bertaratzea aurreikusten dute, hori dela eta, aurten, besteak beste, bigarren txosna bat jarriko dute antolatzaileek.
Jaien antolakuntza, otsaila inguruan hasi zuten. Lan talde ezberdinetan banatuta, batzuek txosna, besteek kontzertuak edo jolasak antolatzen dituzte. Asteartero biltzen dira antolatzaileak. Era berean, edonork antolakuntza lanetan parte hartu nahi izatekotan harremanetan jartzeko deia luzatu dute.
Bestalde, kamixetak dagoeneko salgai daudela gogorarazi nahi izan dute. XS eta S tamainakoak Eskina tabernan daude salgai, M eta L tamainak berriz, Depor tabernan, azkenik, XL eta XXL tamainakoak Aranaztarra tabernan eskuratu daitezke. Jaietan zehar txosnan ere eskuragarri egone dira.
Amaitzeko, jaiak antolatzeko diru ekarpena egin duten norbanako, kolektibo edo bestelakoei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Era berean, argi utzi dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta beharrezkoa izatekotan protokoloak prest dituztela argi utzi dute.