Tximeletak eta saguzarrak ezagutzeko tailer bikoitza antolatu dute Ekoetxea Txingudin

Antxeta Irratia 2025ko abu. 18a, 09:13

Ainhoa Lekuona ilustratzaile zientifikoaren eskutik 14 urtetik gorakoentzat tximeleten mundura bidaia egingo dute abuztuaren 30ean, goizean. Eta ilunabarrean, saguzarren munduan murgiltzeko aukera emango dute helduentzako Plaiaundiko Natur Parkean.

Abuztuaren 30ean tailer bikoitza proposatzen du Ekoetxea Txingudik. Udan antolatutako ekimenen hari beretik, ingurumenaren zaintza ezagutzatik bultzatu nahian dabiltza, eta oraingo honetan ilustrazio zientifikoaren bidez tximeleten mundua eta haien kontserbazioa ezagutzeko hezkuntza eta esperientzia artistikoa antolatu dute Ainhoa Lekuona ilustratzaile zientifikoaren eskutik. 

Ekoetxeko arduradunek iragarri dutenez, bereziki Iberiar penintsulako tximeleta sufredunari erreparatuko dute. Tailerra 11:00etatik 13:00ra egingo dute, eta 14 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago. "Ilustratuz babestu: tximeleten mundura bidaia" tailerrean izena emateko 4 euro ordaindu behar da, eta hemen izena eman daiteke.

Bestalde, egun berean, "Saguzarren gaua: Bizitza ilunabarrean" tailerra antolatu dute iluntzean. Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak azaldu digunez, «saguzarren mundu magikoan murgiltzeko aukera» paregabea izango da adituen eskutik. Plaiaundiko natur parkean barrena, «izurriteen kontrola eta gaueko polinizatzaile gisa ekosistemaren orekarako funtsezkoak diren» saguzarren hegaldiak, eta iluntasunean nola ehizatzen duten ikusi ahal izango da. Ekimen hau helduentzako da, eta izena emateko 2 euro ordaindu beharko dira.