Urtarrilaren 30etik otsailaren 9ra ospatutako gourmet eta premium hanburgesen Burger Fest jaialdiak bildutako 30.000 bisitariekin hasi zuen urtea Ficoba erakustazokak. Publiko orokorrari zuzendutako ekimenen artean «sorpresa handia» izan dela aitortzen du Ander Sarrateak, Ficobako kudeatzaileak. Nolanahi ere, ederki ekin zion urteari Ficobak, eta ekimen arrakastatsu hau udan errepikatu berri badute ere, ekainera arte erakustazokaren urteko lehen seihilekoaren bilanari dagokionez ere, antolatutako 100 ekitaldietan hobekuntza nabarmena izan dutela dio. Sarrateak aditzera eman duenez, «aktibitate oso eklektikoa izan du Ficobak aurten, gastronomiatik industriaren sektorera, edota kultur hitzorduak ere izan ditugu». Bere ustetan, azken urteetan eskaintza anitz horretan sakontzeko egindako lanak azaltzen du erakustazokaren bilakaera eta balorazio baikorra.
Izan ere, Ficobak berezkoak dituen Bioterra bezalako azoka klasikoak mantentzeaz gain, etengabe dabil sektore berriak erakarri nahian. Ander Sarrateak dioenez, horren irudiko dira azken urteetan Ficobatik bertatik landutako Ababor nautika azokak aurten egin duen bere hirugarren edizioa, edota joan den martxoaren 18an eta 19an ospatutako estatu mailako UNIREren bigarren edizioa. Soldadurari eta lotura-teknologiei buruzko estatu mailako azoka profesionalak 80 enpresa elkartu zituen Irunen. CARAVANTUR bederatzigarren edizioa, EUSKO SKILLS lanbide heziketako olinpiadak edota Gureak enpresa sozialaren 50. urteurrenak bildutako 4.000 lagunak dira aniztasun horren adibide.
Bilakaera baikorra
Alde horretatik, 2023an pandemiaren itzala gaindituta irabaziak lortu zituen aurreneko aldiz Ficobak. Eta 2024an diru sarrera ekonomiko parekoak lortuta (2,3 milioi euroko fakturazioa) jasotako bisitarien eta antolatutako ekitaldien hobekuntza nabaria izan zen. Iaz, orotara, 145.000 bisitari jaso zituen Ficobak, 10.000ko hobekuntzarekin. Eta 10 bisitaritik 7 antolatutako 15 azoka handiei esker erakarri zituzten bitartean, 2025 honetan antolatutako hitzaldi, kultur ikuskizun, aurkezpen, kontzertu, azterketa publiko, topaketa profesional edota publiko orokorrari zuzendutako ekimen ugariei esker, bisitari marka historikoa egingo du. Dagoeneko urte erdian 121.000 bisitari baino gehiago jaso baititu.
Testuinguru honetan, FICOBAko kanpo aparkalekuan aurreikusten den IAM erabilera anitzeko pabiloi berria guztien ahotan da ere. Etorkizuneko garapenaren parte eta aukera gisa ulertzen du Ander Sarrateak. Ficobako zuzendari kudeatzailearekin hitz egin dugu ondoko elkarrizketan.