MERAKIA ile-apaindegia

Jasone Maya: «Ile-apaindegira joatea ez da bakarrik zerbitzu bat jasotzea, kolorea ematea, ilea moztea... Zuretzako momentua hartzea da; esperientzia bat»

Ekhiñe Zapiain 2025ko abu. 21a, 10:10

Irailaren 2an irekiko ditu ateak Irungo Eliza Kaleko hamargarrenean Merakia ile-apaindegiak. Jasone Maya lesakarra dago proiektuaren gibelean, eta azken urteotan eskarmentua hartu eta bertze saloi batzuetan lanean aritu ostean erabaki du bere bide propioari ekitea eta lokala zabaltzea. «Ilusioz eta motibazioz beteta» dagoela erran digu.

Ilea «bere betiko zaletasuna» dela argi du Jasone Maya lesakarrak. 25 urte bertzerik ez dituen arren, azken urteak ile-apaindegi ezberdinetan eman ditu lanean Donostian zein Lesakan, eta bere bide propioari heldu eta Irunen zentro bat irekitzea erabaki du. Abuztuaren 30ean arratsaldeko 18:00ean eginen dute inaugurazioa, eta ofizialki irailaren 2an goizeko 10:00ean irekiko ditu ateak Merakia ile-apaindegiak (Eliza kalea 10, Irun). Bere aitaren eskuz txukun-txukun egin eta prestatutako zentroa estreinatzeko «ilusio handiz» agertu da lesakarra.

Hasieran ikasketak administraritzara bideratu bazituen ere, barneko grinari segika Zarautzen ile-apainketan formatzen hasi zen Jasone Maya: «Txikitatik eraman dut ilea apainduta. Nire pertsonalitatearen zati bat denez, beti eman izan diot berezitasuna, eta argi nuen hori ikasi nahi nuela». Ikasten ari zela, Donostiako ile-apaindegi batean lana egitea tokatu zitzaion eta bertan berretsi zuen bere nahia: «Hegalak ireki zizkidaten eta hor hasi nintzen nire burua ile-apaintzaile moduan bideratzen».

Aulkian jarri eta ilearen itxura aldatzeaz gaindi ulertzen du Mayak bere jarduna; izan ere, sentitzen du profesionalaren eta bezeroaren arteko harremanaren gibelean gordetzen den guzti horrek ematen diola zentzua bere lanbideari: «Ile-apaindegira joatea ez da bakarrik zerbitzu bat jasotzea. Ez da bakarrik kolorea ematea, ilea moztea, forma aldatzea… gehiago da zuretzako momentu bat izatea. Niretzako esperientzia bat da. Zuk zure denbora hartzen duzu profesionalarekin egoteko, sinesten duzulako berak ahalegin guztiak eginen dituela zure bertsiorik onena ateratzeko». Aitortu digu horrek bilakatzen diola berari ogibidea pasio.

Merakia: ateak irekitzeko prest

Ikasketak bururatzeko ile-apaindegi baten proiektua garatzeko eskatu zioten lesakarrari, eta Merakia izeneko plana ondu zuen. Pentsatu, sortu eta egin. Urte batzuk beranduago, Irungo Eliza kaleko hamargarrenean komertzioa irekitzear dago. «Orain arte hiru ile-apaindegietan aritu naiz lanean. Lehendabizikoa Donostian izan zen eta gero Lesakan egon nintzen bertze batean. Azken honetan lanean egon eta gero erabaki nuen berriro Donostiara itzultzea eta hor konturatu nintzen prest nintzela bakarrik lan egiteko. Bertan erabaki nuen zerbait sortzea» erran digu. Hautatu zuen izena ere ez da kasualitatea. Merakia hitz greziarrak «egiten duzuenean zure zati bat uztea» erran nahi du, eta hori da sortzaileak transmititu nahi duena ile-apaindegi honetan.

Beldur pixka bat sentitzen duen arren, bere negozio propioa eduki nahi duela argi ikusten du Mayak: «Lau urte eman ditut ile-apaindegietan lanean eta konturatu nintzen bertzeentzako lan egitearen desberdintasuna zela horrela kudeaketa guztia nik eraman beharko nuela. Ohartu nintzen horrek erakartzen ninduela pila bat, eta nik niretzako lan egin nahi nuela, nahi nuen moduan».

Ofizialki ateak hemendik gutxira (Irailak 2, 10:00) irekiko dituen arren, sare sozialetako mezuen bidez ari da lehen hitzorduak lotzen, eta 0034 614 27 00 78 telefono zenbakira idatzi zein deituta ere egin daitekeela adierazi du.

Eskuekin magia eginez

Miresmenez solas egiten du lesakarrak ile-apaintzaileen lanaz galdetzean: «Niri eskuz egindako lana gustatzen zait. Bezeroaren arabera, zuk mihise bat duzu eta zuk ematen diozu kolorea nahi duzun lekuan. Eskuek egiten dituzten magiak dira balio dutenak; zuk jolastea guraizeekin, posturarekin eta eskuekin». Ile-apainketari zerbaitek balioa ematen badio, lan artisaua izateak ematen diola argi ikusten du.

Ildo horretatik eta lan artisaua erdigunean jarriz, lekua bera ere berezia izanen da: «Argi nuen lehenengo momentutik ile-apaindegia nire aitak egin behar zuela artisautzari balioa eman nahi niolako, eta perfekzioaren gainetik esku-lana azpimarratu nahi nuelako. Amets hau ezinen nuke aurrera eraman nire familiaren, bikotearen edo lagunen babesa izan ez banu. Hauek eman didate azken bulkada sinesteko ni izan behar nintzela nire proiektu polit honen sortzailea».

Lan egiteko moduari dagokionean, «filosofia naturalean» oinarrituko dela adierazi digu Mayak. Erabiliko dituen produktuak ekologikoak eta naturalak izanen dira, sulfatorik edo parabenorik gabeak. Ileaz gain, buruko larru-azalean ere arreta berezia jarriko du: «Buru larru-azala aurpegikoaren segida bat da, eta beraz, zainketa bat behar du. Gaur egun geroz eta aldaketa gehiago aurkitzen ditugu bertan, eta niretzat trikologia deitzen den zati hori ere garrantzitsua da. Buru-azalean arreta jarri ezkero aldaketa anitz desagertu edo kontrolatu daitezke». Beraz, guraizeak eskuan eta magia egiteko prest dago Jasone Maya.