Irungo Done Jakue bideko aterpetxeak 2.257 erromes jaso ditu ekainean eta uztailean, %75 atzerritarra

Koldo Nausia 2025ko abu. 21a, 12:39

Urtero 9.000 erromes inguru jasotzen ditu Irungo Lesaka kaleko Done Jakue bidearen aterpetxeak. Aurten, mementoz, 4.880 pertsonak hartu dute ostatu aterpetxean otsailetik uztailera, 2.822 gizonek eta 2.058 emakumek. Jakobi elkarteko boluntarioek diotenez, %96,39 oinezko erromesak izan dira, eta mundu osoko bisitariak jasotzen dituzte, estatu mailako jatorria duen erromesa lautik bat besterik ez baita izaten.

Mugan duen kokapen estrategikoagatik, Iparraldeko (kostaldeko) Done Jakue bidearen abiapuntuetako bat da Irun. Erromesek bi bide dituzte eskura Lapurditik Irunera sartzeko: Santiagoko Bidea batetik, Avenida Zubitik. Eta Errege Bidea bestetik, Behobia auzoan. Bi bideek bat egiten dute San Juan plazan, eta bertan lotzen dira Errege Bidearen bigarren zatiarekin Kale Nagusitik gora. Compostelako Santiagoko Bidean ibilbide hau egiten duten erromes gehienek, Irunen Jakobi Irun-Done Jakue bidearen lagunen elkarteak kudeatzen duen erromesen aterpetxean egiten dute gaua. 

Boluntarioen urte luzeetako lana

Elkartearen ibilbideak bi hamarkada luze baditu ere, egoitza ezberdinetan, 2018an Irungo Udalak utzitako egungo aterpetxean egiten duten lan onaren aitortza egin zion iaz Galizako Xacobea erakundeak, urtero estatuko Done Jakue bidearen elkarte bati eskaintzen zaion bordoiaren (makila) entrega eginez. Urte osoan zehar zaindu dute, eta urriaren 10etik 12ra Irungo Ficoba erakustazokan ospatuko duten Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteen urteko topaketan eman beharko diote lekukoa hurrengo elkarte sarituari. 

Irungo elkarteko presidente Josin Galzakortarekin batera, eta boluntario taldeak lagunduta, erromesen aterpetxera bisita egin du gaur Cristina Laborda alkateak. Urtero milaka erromesek erabiltzen duten aterpetxea da honakoa. Eta hasierako egoitzan 12 plaza eskaintzen zuten bitartean, 2007tik aurrera Lucas de Berroa kalera lekuz aldatu zirenean 28 erromes ostatu hartzeko gai izatera pasa ziren. Gaur egungo aterpetxeak, aldiz, 60 oheko eskaintza du hiru logelatan banatuta, arropa garbitzeko, dutxak eta erromesek erabil dezaketen sukalde-jantoki bat ere.

Cristina Laborda alkatea Jakobi elkarteko kideekin batera 20 oheko hiru logela dituen aterpetxera bisitan. 

Jakobi elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, Irungoa EAEko aterpetxe bakarra da erromesei gosaria eskaintzen diena, eta azken urteetan Done Jakue bideak izan duen garapena ikusita, elkartea Betherrameko parrokia eta Maltako Ordenarekin lankidetzan, duela mila urtetik hona bezala «erromesaldiaren alde izpirituala» lantzen ari da. «Done Jakue bidea erromesaldi baino, turismoa egiteko modu merke bat bilakatu da azken urteetan, eta Maltako Ordenari esker, erromesak bedeinkatu eta bide pertsonalaren transzendentzia azaltzen diegu bisitariei», azaldu digu Josin Galzakortak. 

Mundu osoko milaka bisitari

Kutsu erlijiosoa baino, erromesaldiaren ikuspuntu izpirituala nabarmentzen du. Izan ere, Irungo aterpetxetik  9.000 erromes inguru pasatzen dira urtero, «aurten 68 herrialde ezberdinetakoak izan dira, eta sinesmen eta erlijio askotarikoak». Aurten, mementoz, 4.880 pertsonak hartu dute ostatu aterpetxean otsailetik uztailera, 2.822 gizonek eta 2.058 emakumek. Eta elkarte kudeatzaileak dioenez, gehienak uda garaian jaso dituzte. Zehazki, ekainean eta uztailean 2.257 erromes jaso baitituzte bertan. Eta horietatik %96,39 oinezko erromesak izan dira. 

Udalak bisitari kopuruaz gain, haien jatorri anitza azpimarratu nahi izan du, udalaren instalazio hau Done Jakue bidearen parte den heinean, erakargarri turistiko nabarmena dela nabarmenduz. Izan ere, 2019an 87 herrialde ezberdinetako erromesak pasa ziren Irungo Lesaka kaleko aterpetxe honetatik. Aurten, adibidez, bertan ostatu hartu duten erromesen %25,78k estatu mailako jatorria zuen bitartean (Katalunia, Madril eta Valentziakoak gehienbat), %17,64 frantsesak, %12,13 alemaniarrak eta italiarrak %8,36 izan dira. Hala ere, esan bezala, Australia, Hego Korea, India edota Kanadako erromesak ere izan dira, besteak beste.