Karlos Santiago mendizale, irakasle ohi eta herri mugimenduko kide Irundarra zendu zen atzo. 67 urteko mendizalea eroriko baten ondorioz hil zen atzo Pirinioetako Carlit gailurra (2.921 metro) egin ondoren. Mendiaren ekialdeko maldetatik jaisten ari zen bitartean erori zen. Hildakoa bere emaztearekin batera mendiko gailurrera igo zen, baina jaitsieran, 13:00ak inguruan gertatu zen istripua. Emazteak Okzitaniako Gendarmeriari abisua eman zion berehala, eta Okzitaniako Osséja udalerriko mendi altuetako erreskate espezializatutako taldeek gertakariaren lekura joan dira, baita helikoptero batekin ere, baina mendizalearen gorpua besterik ezin izan dute berreskuratu. Argitu dutenez, erreskate lanak zaildu ditu eguraldiak, batez ere laino mardula dela eta.
Hildakoak eskarmentu handia zuen mendian. Izan ere, Irungo Mendizaleak elkarteko kidea zen. Eta elkarteak Pirinioetara ateraldi anitz antolatu izan ditu azken urteetan. Urrutira joan gabe, joan den uztailaren 25etik 27ra (Santiagoko zubian) Yenefrito, Catieras lakua, Moleta eta Espierrera irteera antolatu du.
Hirugarren heriotza bi urtetan
Tamalez, tragediak berriro jo du Bidasoko mendizaleen familia zabala, eta erreferentziazkoa den kirol elkarte hau. Azken bi urteetan mendi istripuen ondorioz hildako hirugarren bidasotarra baita honakoa. 2023ko ekainaren 25ean, 65 urteko Marton Solis irundarra Jaizkibel mendian hil zen, Errenterian Fanderia auzoan bizi izan zena. Bere familiak abisua eman zuen, itzuli ez zela ikusita, eta bilaketa egun batzuren ondoren aurkitu zuten gorpua.
2025. urte honetan ere, 59 urteko beste gizon bat hil zen mendian. Kasu honetan, Hondarribiko Marcos Elgorriaga zen, Irunen bertan klinika dentala kudeatzen zuen, eta Baztango Saioa mendian galdu zuen bizitza.