Lanbide heziketako Bidasoa Institutoak urtero 400 bat ikasleri punta-puntako teknologia eta formakuntza eskaintzeaz gain, badu hain ezaguna ez den instalazio bat bere teilatuan. GNSS hartzaile geodesikoa. Hau da, GPS sistemak edozein puntuk lurrazalean duen posizioa zehatz-mehatz ezagutzeko aukera ematen duen antena. Gipuzkoako azpiegitura geodesikoa 80ko hamarkadan sortu zuten, eta halako bost instalaziok osatzen dute gaur egun. Irungoaz gain, Elgeta, Pasaia, Igeldo eta Lazkaon daude halako antenak. Eta Bidasoa Institutoan kokatua dagoena berritu egin dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 9.260 euroko inbertsioa egin du «estrategikoa» den azpiegitura hau eguneratzeko. Azahara Dominguez, Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako diputatuak argitu duenez, «kartografia ofizialerako, lan topografikoetarako, GPS nabigazio-sistemetarako eta geologia-azterketetarako berebiziko garrantzia du». Zehaztasun handiko datuak eskaintzen baititu, eta edozein obra publiko handietan ere, trenbide, zubi zein errepideetan beharrezko informazio topografikoa eskaintzen du. 2024an antena honek 20.000 orduko datu emaria eskaini zuen. Eta azpiegitura berriari esker, segundoero Irungo Bida estaziotik 30 satelite baino gehiagoren datuak ikus daitezke orain.
Antena berria instalatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan. Izan ere, GPS satelite estatubatuarren eta Glonass errusiarraren seinaleak kudeatzen zituen orain artekoak. Baina Gipuzkoako sareko erabiltzaileek Galileo eta Beidu seinaleak ere kudeatu behar dituzte, eta horretarako egokitu egin dute.