Inoiz ez bezalako inbertsio emaria lortu du Irungo Udalak lau urteotan Europako laguntzei esker

Antxeta Irratia 2025ko abu. 22a, 13:23

NextGenerationEU funtsetatik 13,5 milioi euro eskuratu ditu Irungo Udalak 2021etik, mugikortasun eta jasangarritasuna, kultura eta ondare historikorako zein merkataritzaren digitalizazioa eta biziberritzeko proiektuak garatzeko. Eta beste 5 milioi euro jaso ditu ere, Aduana zenaren eraikina zaharberritzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hiriguneak oneratzeko finantzatu dituen proiektuen barruan.

2020 urtean COVID-19 pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, Europako Kontseiluak sortutako funtsei esker, 18,5 milioi euroko inbertsioak egin ditu Irungo Udalak 2021 urteaz geroztik.  NextGenerationEU  funtsak 800.000 milioi euroko gastu publikoa aktibatu zuen, pandemiak eragindako kalte sozial eta ekonomikoak konpentsatzeko helburuarekin. Eta horietatik Euskadik 2.846 milioi euro jaso dituen bitartean, Cristina Laborda alkatearen arabera, Irungo Udala izan da udalerrien artean onuradun handienetakoa. Izan ere, kopuru horretatik 1.154 milioi Eusko Jaurlaritzak kudeatu dituen bitartean, gainerakoak udalek aurkeztutako proiektuak diruztatzera bideratu ditu Europak, estatuetako gobernu zentralen bitartez. 

Labordaren arabera, «2009ko krisiari erantzuna herstura edo austeritate ekonomikoa izan zen bitartean, pandemiari gastu publikoa handituz erantzun izanak onura nabarmenak ekarri dizkio Irungo herriari». Funtsa hauen helburua, besteak beste, mugikortasun jasangarriaren eta transformazio digitalaren esparruko proiektuak eta ekipamendua hobetzeaz gain, ekonomia suspertzeko proiektuak garatzea izan da. Eta Irungo Udala «aurreikusiak zituen proiektu berriak garatuak eta martxan jartzeko prest izateko gai» izan dela dio Labordak. 

Horri esker, NextGeneration funtsak eskainitako inbertsio ildo guztietan proiektuak aurkeztu eta dirulaguntza jaso duela argitu du. Europako funtsetatik eskuratutako 13,5 milioi euroez gain, Irungo Udalak beste 5 milioi euro jaso ditu, Aduana zenaren eraikina zaharberritzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hiriguneak oneratzeko finantzatu dituen proiektuen barruan.

Kasu honetan, Aduana zena egokitzeko prozesua 2023an hasi zen. Urte hartako maiatzean, Tokiko Gobernu Batzarrak eraikina Estatuko Administrazio Orokorrari erostea onartu zuen 1,6 milioi euroen truke, eta hura zaharberritzeko prozesuari ekin zitzaion, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioetako Sailaren 5 milioi euro inguruko dirulaguntza bati esker, eta horietatik 500.000 euro hiriko merkataritza berritzeko gunerako erabili dira, Irun Commerce Laberako.

Bestalde, eta aipatutako diru kopuruetan kontuan hartu ez badu ere, udal ordezkariak gogoratu nahi izan du Irungo tren geltoki berria eraikitzeko proiektuak ere, Europako dirulaguntzei esker azkartu ahal izan duela Espainiako Gobernuak. Eta beraz, NextGeneration EU funtsaren eragina Irunen, are eta handiagoa izan dela. 

Proiektu estrategiko anitz

Tren geltokiaz gain, aldiz, Irungo Udalak zuzenean kudeatu dituen 13,5 milioi euroko laguntzen artean, Irunbus garraio zerbitzuaren autobusak elektrifikatzeko baliatu dutela oroitarazi du Cristina Labordak. Mugikortasun eta jasangarritasunaren esparruan, hiri barruko garraioa modernizatu, ibilgailu elektrikoak erosi eta isuri gutxiko eremuak sortzeko lanketaz gain, irisgarritasuna hobetzeko berrurbanizazio lanak ere egin dituzte. Zehazki, San Juan plazaren inguruko kaleen berrurbanizazioa, Ermita eta Santa Elena karrikena, eta Gaztainondo kaleko igogailua europar laguntzei esker sustatu dute. Guztira 5,4 milioi euroko inbertsioa egin dute esparru honetan. 

Bestalde, 2 milioi euroko inbertsioa egin dute kulturaren eta ondarearen esparruan. Besteak beste, Oiasso Museoko terma erromatar berriak eta museoaren eskaintza osatzeko elementu interaktibo eta teknologikoak finantzatu dira NextGeneration funtsarekin, baita gaur egun martxan diren Irugurutzetako labeen birgaitze lanak ere. Era berean, Urdanibiako ospitalearen berritze lanak, CBA liburutegiko funtsen berrikuntza eta Sonia Etxezarreta mahai teniseko teknifikazio zentroaren erreforma ere. 

Hirugarrenik, transformazio digitalaren eta administrazioaren modernizazioaren esparruan, Irun 4.0 proiekturako 234.000 euro baino gehiago bideratu dituzte, eta Irun Market plataformaren bidez hiriko merkataritza digitalizatzeko ekimenak sustatu dituzte Europako laguntzen irizpideei jarraituz. 

Modu berean, enpleguaren eta kohesio sozialaren esparruan, Lehen Esperientziak programarako 500.000 euro baino gehiago erabili dituzte, sektore publikoan gazteak kontratatzeko eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak zein diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenak gizarteratu eta laneratzeko ibilbideak sortzeko.

Azkenik, zona komertzialak eta merkatuak modernizatu eta biziberritzeko 1,6 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte, hala nola, Dunboa auzoko Poxpologile kalea berrurbanizatzeko.