Espartin jaurtiketarekin emango diote udarari azken agurra San Ramon jaietan

Antxeta Irratia 2025ko abu. 25a, 10:14

2002az geroztik ospatzen duten hitzordua, uda borobiltzeko klasiko bilakatu da hurbiltzen diren irundar askorentzat. Abuztuaren 31n egun osoko egitaraua prestatu du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak San Ramon jaia ospatzeko, eta ikusmin handia pizten duen espartinen jaurtiketa egiteko, aurten izen-ematea euro baten truke egingo dute jaiak sustengatzeko. 

Jai xumea da, baina jende asko hurbiltzen da beti. Aurten igandea izanda kalea estu geratuko zaiela uste dute antolatzaileek. San Ramon jaia Kale Nagusikoena izaki, uda ondo amaitzeko ospakizuna ere bada irundar askorentzat. 1991an hasi ziren ospatzen auzokide talde batek bultzatuta, baina espartin tirada 2002an hasi zela gogoratzen du Junkal Susperregi auzokideak. «Jesus Pombar izan zen ideia proposatu zuena, eta bitxia izanagatik harrera ona izan zuen hasieratik», dio auzo elkarteko kideak. Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak 2016an hartu zuen festaren antolaketaren lekukoa, eta garaiak aldatzen doazten arren, urtez-urte mantendu duten klasiko bat bilakatu dela deritzo. Izan ere, Kale Nagusian 1937az geroztik irundarren zerbitzura egon den Pombar oinetako dendak jubilazioagatik ateak itxi baditu ere, espartinik ez zaie erreserban falta ospakizunari segida emateko. Junkal Susperregik argitu digunez, «Inma bertako jabeak espartin poltsa bat eman zigun denda itxi baino lehen, eta badugu urte luzez egiteko».

Larunbata honetan goizeko 9:00tan hasiko dira San Ramon jaiak ohiko dianarekin. 11:00etan Siervas de Jesus kaperan meza eta 11:45ean santuaren jaitsiera egingo dute. Ondoren, 12:30ean salda banatuko dute Kale Nagusian (Manolo tabernan) Atzokoak abesbatzaren emanaldiak girotuta. Arratsaldean, aldiz, Peña Poteo Txarangak animatuko du Kale Nagusia 18:00etatik 20:00etara Espartin Jaurtiketa lehia ospatzen den bitartean. «Ez dira oinetako gisa erabiltzen ditugun apretak jaurtitzen, eskuz egindakoak dira eta 100 gramo besterik ez dute pisatzen», beraz ez dago entrenatzeko edo proba egiteko aukera askorik. Hala ere, urtero ikusmin handia pizten duen hitzordua da, eta jende guztiak du gutxi-asko noizbait saiakera egin.

Izena emateko egun berean 18:15etik 18:45era egin beharko da, Kale Nagusiko 15. zenbakian ezarriko duten karpan. Antolatzaileek iragarri dutenez, helduen kasuan 100 parte-hartzailetara mugatu dute aurten eta euro bana ordaindu beharko da. Hauek 19:30ean hasiko dira jaurtiketa txapelketa. Eta aurretik, 19:00tan, 6-14 urte bitartekoek ere izango dute aukera. 

Espartin Jaurtiketa amaitu ondoren DJ Onddar 2 eventsek animatuko du gaualdia, eta Kale Nagusiaren jeitsiera eta San Ramon kantuarekin itxiko dute besta gauerdian.