Irungo haur eta gazteak udalaren jabetzakoa zen Lukineko aterpetxeko udalekuetara joaten ziren garaiak atzean utzita, Irungo Udalak kirola eta abenturari lotutako udako eskaintzaren aldeko apostua egin zuen duela zenbait urte. Udalekuen bilakaera horretan, «familiek eta haurrek bestelako esperientziak eskatzen dituzte» gaur egun Irati Redondo, Gazteria arloko teknikariaren arabera. Eta udalak eskaerari egokitzen jakin izan du azken urteetan.
Irungo 8 eta 16 urte bitartekoek Igantziko Irisarri Land abentura parkean astebete egoteko akordioa lortu zutenetik, urtero plaza guztiak bete egin dituztela nabarmendu du gaur Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria arloko zinegotziak. Eta aurtengoan adinaren araberako sei txandatan banatutako 300 haur eta gaztek parte hartu ahal izan dute honetan. Bestalde, 8-11 urtekoentzat AbenturaERO udaleku irekiak ere ondo errotu egin direla diote udal ordezkariek. «Duela lau urte sortu genuen programa hau astebete etxetik kanpo pasatzeko oraindik prest ez dauden txikienei zuzenduta», azaldu digu Irati Redondok, «ur eta abentura kirolak egiten dituzte astean zehar, eta behin taldea eta begiraleekin konfiantza hartutakoan Arantzako kanpalekura gaua pasatzeko irteerarekin borobiltzen dute astea». Aurten 80 plaza eskaini dituzte, eta Bizikidetuz enpresak kudeatu du aurreneko aldiz. Udaleku ireki hauen kasuan, haurren autonomia eta elkarbizitzan lehen urratsak emateko aukera eskaintzen duela azpimarratu dute agintariek, eta balorazio ezinhobea egin dute.
Alde horretatik, udalak udalekuak bukatutakoan, erabiltzaileen gurasoei asebetetze mailari buruzko inkesta bat osatzea eskatu die aurten. Parte hartu duten 380 haur eta gazteetatik, guztira 144 gurasok egin dute inkesta, eta batez besteko balorazioa 5 punturen gainean 4,78ekoa izan da.
Ordainketa sistemaren aldaketa
Bestalde, aurtengo udalekuen prezioak eta ordainketarako irizpide fiskalak aldatu egin ditu udalak. Udal Ordenantzan Fiskal berriaren arabera, familien lau diru sarrera tarte ezarri ditu, eta horren arabera prezio osoaren %5, %35, %75 ala ordainketa osoa egin behar izan da. Hobariak lortzeko eskaera luzatu beharra zegoen aurten, eta 380 erabiltzaileen artean 235 eskaera jaso ditu udalak. Sandra Caballero zinegotziak argitu duenez, horietatik 63 familik eskuratu dute deskonturen bat, 53 Irisarri Land udalekuetan, eta beste hamarrak AbenturaERO udaleku irekietan.
Gainerakoan, aurten itxaron-zerrendak erabili behar izan dituzte euren plazari uko egin dutenen lekua berriz eskaintzeko. Hala ere, urtero eskaintza eta eskaeraren artean oreka handia dagoela azpimarratu dute udal ordezkariek, eta beraz, zerbitzua hobetzen jarraitzeko lanean jarraituko duten bitartean, ez dute mementoz 2026 urteko udalekuetarako plaza gehiago eskaintzeko asmorik.