Irungo Udalak martxan dituen bost Haurtxokoetan urriaren 6an hasiko dute ikasturte berria. Aurten 336 plaza izango dira hiriko familientzat aukeran, eta argitu dutenez, hiru toki behar bereziak dituzten haurrentzat erreserbatuko dituzte. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak azaldu duenez, «haurrei arte eta kultura diziplina desberdinak probatzeko eta esperimentatzeko aukera ematen dien zerbitzua da hau, baita gizarte trebetasunak garatzeko ere». Eta ondo pasatzeko espazioak izatearekin batera, familia kontziliazioa ere dute helburu.
Haurtxokoen sarean bost egoitza daude gaur egun, eta 2025 urtea amaitu baino lehen, Pinudi auzuneko Lesaka kalean dagoen Etxalde-El Ranchokoa, Emigrazioko eraikineko ekipamendu berrira lekuz aldatuko dutela iragarri dute. Bertan 15 plaza eskaintzen dituzten bitartean, gainerako guztietan 24 toki eskainiko dituzte; Erdialdekoa (Gipuzkoa hiribidea, 8); Txikilab Palmera-Montero, Jose Antonio (Loidi Bizkarrondo kalean, 12), Lapitzeko haur txokoa (Deskarga 17); Kateko haur txokoa (Araba 46). Iaz bezala, 4 eta 8 urte artekoen txandak astelehen/asteazkenetan zein astearte/ostegunetan izango dira. Ostiraletan, aldiz, 9-11 urte artekoentzat izango da.
Haurtxokoak ezagutu nahi dituen ororentzat ate irekien jardunaldiak antolatu ditu udalak. Irailaren 3an eta 4an, 10:00etatik 12:00etara, eta irailaren 5ean eta 9an, 16:00etatik 18:00etara.
Ordainketa sistema eta plaza banaketa
Aurten, Irungo Udalak erabiltzaileen ahalmen ekonomikoan oinarritutako ordainketa sistema ezarri duela gogoratu dute, eta beraz, erabiltzaileen diru sarreren eta ondarearen araberako tarifak aplikatuko dituztela, tarifa osoaren %75, %35 eta %5eko ordainketekin, beherapenak aplikatzea eskatuko dutenentzat. Hau tramitatu beharra dagoela oroitarazi dute, hori egin ezean tarifa osoa aplikatuko baitzaie erabiltzaileei.
Izena emateko epea irailaren 9an itxiko dute, eta behin-behineko zerrendak hilaren 13tik 16ra artean argitaratuko dituzte udalaren webgunean. Eskaria eskaintza baino handiagoa izanez gero zozketa bat egingo dute hilaren 19an, eta emaitzak hilaren 23an argitaratuko dituzte. Ordainketa eta behin betiko izen emate hilaren 24tik 30era izango da udalaren egoitza elektronikoaren bidez, eta, erreserbak urriaren 1etik aurrera kudeatuko dituzte. Izan ere, Haurtxokoetako zerbitzuari urriaren 6an emango diote hasiera. Informazio gehiagorako, sakatu hemen.