Irungo AEKn dirurik aurreratu beharrik gabe euskaraz ikasteko beka sortu dute

Koldo Nausia 2025ko ira. 4a, 10:08

“Doakotasunerantz, Herritarron Beka” aurkeztu dute BDS Koop-ek eta Irungo AEK euskaltegiak. Eusko Jaurlaritza eta Irungo Udalaren diru laguntzak ikastaroa behin amaitutakoan ematen dituzte, eta dirua aurreratu ezin duten ikasleei laguntzeko helburua du ekimenak, «baliabide ekonomikoa ez dadin izan euskara ikasteko traba». Dirua BDS Koopek aurreratuko badu ere, urtean 10, 20 ala 50 euroko laguntza emateko prest dauden herritarren sarea osatu nahi dute horretarako.

Irungo AEK euskaltegiak eta BDS Koopek “Doakotasunerantz, Herritarron Beka” ekimena aurkeztu berri dute, euskaraz dohainik ikasi ahal izateko. Erakunde publikoek doakotasunaren bidean urratsak egin dituzte azken urteetan. Eta Eusko Jaurlaritzak A1 eta A2 mailak doakoak izango zirela adierazi badu ere, dirulaguntza beka bidezko sistema aplikatzen duenez, dirua aurreratu ezin dezaketen ikasleek zailtasunak dituzte.

Irungo Udalak ere euskara ikasteko dirulaguntza bekak eskaintzen dituen arren, ikastaroa behin amaitutakoan itzuli ohi dute dirua. Eta laguntzak jasotzeko baldintza honek, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten herritar asko atzean uzten dituela identifikatu du Irungo AEK euskaltegiak. «Euskara ikastea eskubide bat behar du izan, eta normalizaziorako bidean ezin dugu onartu diru arazoek traba izatea euskara ikasteko ala ez», dio Beñat Alzagak, Irungo AEKko koordinatzaileak. Dirulaguntza bidezko sistemak gaizki-ulertu eta arazoak eragiten ditu. Eta ohikoa da euskaltegira matrikula doakoa dela pentsatuz hurbildu, eta atzera egiten duten ikasle potentzialak. «Iaz Dunboa ikastetxean 15 laguneko guraso talde bat animatu zen euskara hutsetik ikastera, baina jakin zutenean dirua aurreratu behar zutela 10 lagunek atzera egin zuten, eta ez zen taldea aurrera atera», dio Alzagak, «orduan konturatu ginen alternatiba bat bilatu behar genuela». 

Horrela, administrazioak dituen mugak edo heltzen ez den hutsunea betetzeko asmoa du “Doakotasunerantz, Herritarron Beka” ekimenak. BDS Koopen ekimenez, laguntza emateko prest dauden herritarren sarea osatu nahi dute. Urtean 10, 20 ala 50 euro eskaintzeko prest egongo den jendea bilatzen dute horretarako. «Baina ekaina arte ez da ordaindu beharko, eta ikasleek lortuko dituzten diru laguntzen arabera, gutxiago izan daiteke», argitu du Alzagak. Izan ere, BDS Koopek aurreratuko dirua, eta herritarren sare horren ekarpena ikasturte bukaeran dirulaguntzetarako baldintzak beteko ez dituzten ikasleen gastuak estaltzeko bideratuko dute. «Paperik gabeko pertsona izan daiteke, ikastaroa bukatu ezin izan duenak edozein arrazoi dela eta, auskalo zergatik...»

BDS Koop eta Irungo AEK euskaltegian sinetsita daude herritarrak prest daudela lan egiteko, eta haien babesa emateko, herria euskaldundu dadin. Hortaz, euskara hutsetik ikasi nahi duen orok, hasiberriek, ez dute aitzakiarik «euskararen mundura hurbiltzeko». 

Matrikulazio kanpaina

AEK euskaltegian urrian hasiko den ikasturte berrian jarriko dute martxan ekimena. Hain justu, irailaren 25a arte matrikula kanpaina abian jarri du AEKk “Euskara eroso ikasi eta bizi” lelopean. Halere, Alzagak argitu du urte osoan zehar ateak zabalik dituztela euskara ikasi edo hobetu nahi duenarentzat. Maila guztiak astean 2, 3 edo 4 aldiz, Mintza ikastaro bereziak eta Hika tailerra, C2 ikastaroa edota aurten ere adineko pertsonentzako taldeak osatuko dituzte, gero eta gehiago baitira bilobekin euskaraz egin nahi duten aitona-amonak. Iaz, orotara, 230 ikasle aritu ziren bertan, eta aurtengoan marka hobetzeko helburua dute.

Informazio gehiago behar izanez gero ala matrikula egiteko, goizetan, astelehenetik ostiralera: 09:30-13:30 eta arratsaldetan, astelehenetik ostiralera:16:30-19:30 ordutegian aurkituko dituzue Legia karrikaren 6.ean. Harremanetarako, aldiz, 943 62 88 34 - 688 746 633 (WhatsApp) eta irun@aek.eus posta elektronikoan.