Kontsumoa suspertzeko merke aparkatzeko kanpaina errepikatuko dute Irunen irailean

Antxeta Irratia 2025ko ira. 5a, 15:50

Hilaren 8tik 30era San Juan plazako, Colon pasealekuko eta Mendibilgo aparkalekuetan 12 orduz aparkatu ahal izango da 1,99 euroren truke. Irungo Udalak eta Telpark enpresak indarrak batu dituzte "Multipass" bonoari esker, tokiko ostalaritza eta merkataritza bultzatzeko asmoz.

Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Ekonomia Sustatzeko arloak tokiko ostalaritza eta merkataritzan kontsumoa suspertzeko estrategiaren barruan, Telpark enpresarekin MULTIPASS bonuaren eskaintza proposatu du hirugarrenez. Iazko irailean egin zuten aurreneko saiakera, eta joan den urtarrileko merkealdietan halako 1.100 bono saldu zituztela ikusirik, indarrak batu dituzte berriz.

Hiriko salmentak eta bisitak areagotzeko neurri aproposa delakoan dago udala. Hiri erdian aparkatzea errazte aldera, irailaren 8tik 30era bitartean Colon pasealekuko, Mendibilgo eta San Juan plazako aparkalekuetan 12 orduz aparkatu ahal izango da 1,99 euroren truke. Argitu dutenez, ordu tarterik eta egun murrizketarik gabe erabili ahal izango da, eta ohiko tarifarekin alderatuta %70 merkeago aparkatzea suposatuko du. “Multipass” bonuak Telparkeko aplikazioaren beraren bidez erosi ahal izango dira, 3 modalitaterekin: 5,10 eta 20 pase.