Bigarren eskuko bizikleta eta patinete elektrikoen azoka irailaren 21ean

Antxeta Irratia 2025eko irailaren 9a

Datorren irailaren 21ean Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleta azokaren beste edizio bat antolatu dute Txingudiko Zerbitzuek Irungo Zabaltza plazan, 10:30etik 14:00etara. Oraingo honetan, Europako Mugikortasun Astearen programazioarekin bat egingo dute.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, ekimen honek patinete elektrikoak eta bizikletak saltzeko zein erosteko aukera ematen du, berrerabilpena sustatuz eta mugikortasun jasangarria bultzatuz. Herritarrek erabiltzen ez dituzten patinete elektrikoak eta bizikletak bertan salgai jartzeko, aldez aurretik izena eman beharko dute www.txinzer.eus/merka2dasoa webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez ere halako bi saldu ditzake. Zenbait baldintza bete behar dira horretarako. Batetik, produktua baldintza egokietan egotea, eta salmenta prezioa ezingo da 500€tik gorakoa izan.

Azoka arrakastatsua

Irungo Udalak eta Txingudiko Zerbitzuek antolatutako Merka2dasoa azoka urtez urte erreferentziazko ekimena bilakatu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra sustatzeko helburua izanik, 2014az geroztik antolatzen duten bigarren eskuko azokak hiri-hondakinen prebentziorako eraginkorra dela egiaztatu dute, ohiko azokari esker, urtean 1.000 kilo hondakin baino gehiago saihesten dituztelako. Erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat eman eta trastelekua hustutzearekin batera, dirua berreskuratzeko erreferentziazko merkatua bilakatu da Bidasoaldean.

Bigarren eskuko azoka ondo errotu da bidasotarren artean. Eta Txinzerrekko kudeatzaileak Leire Zubiturrek aipatu duenez, urtean halako lau antolatu ohi dituzte, bina Hondarribian eta Irunen. Eta egindako azterketen arabera, azoka bakoitzean batez bestean 800 bat produktu saldu eta erosi ohi dira. Mugikortasunari lotutako azoken kasuan ere, arrakasta lortu du, izan Mugikortasunaren Astean, zein aurten bigarren urtez Ficobako Bioterra azokan antolatutakoan ere.