Azken urteetan Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskua prebenitzeko lanetan dihardu Irungo Udala. 2011 urteko udan egin zuten aurreneko egokitzapena Behobiako ibai-bazterreko etxebizitza eta garajeak babesteko. Behin-behineko 10 konporta instalatzeko egiturak eta horma bat ezarri zituzten. Cristina Laborda alkateak argitu duenez, «ez da zientzia zehatz bat, baina marea-koefizienteak kontrolatuz, eta gure esku dauden neurri fisikoak hartuz klima aldaketaren ondorioz ohikoagoak bilakatu diren egoera hauei aurre egiteko prest gaude».
Udalak 2020 urteaz geroztik Larrialdi Plan bat du martxan, eta aurreikusten dituen arriskuen artean, uholdeena da bat. Eta Iñigo Berges, Udaleko Segurtasun eta Bizikidetza arlotik jakinarazi duenez, Behobiako bidegorrian ezarri ohi dituzten neoprenozko konportak bezala, orain Stadium Gal atzealdean (Santiagotarrakeko bidegorrian) iaz egindako lanei esker, aurtengo iraila eta urriko marea bizietarako prest daude.
Gogoan dute, iazko urrian Bidasoak gainezka egin zuela Santiagoko bidegorriaren hasieran, eta Irungo Meaka auzoan edota Jaizubia zaldiketa eskolaren eta Txingudi ikastolaren artean ere, errekak gainezka egin zuela. Hortaz, Jaitzubiko errekaren arriskuak aztertzea erabaki du udalak. Eta urtetik urtera areagotzen ari diren uholde arriskuei aurre egiteko, Jaitzubiko errekak gainezka egiten duen mailak monitorizatzeko proiektua du aurten Babes Zibilak. Anartean, Real Union pasealekuan eta Patricio Arabolaza kalean dauden etxebizitzak eta Stadium Gal futbol zelaia babesteko, berdeguneen altuera igo egin dute, eta behin-behineko 8 konporta instalatzeko egiturak ezarri dituzte.
Bidasoa ibaiaren jarraipena
Babes Zibileko boluntarioek aditzera eman dutenez, Irungo Udalak Babes Zibileko Planaren protokoloa aktibatu ohi du uholde arriskua egon daitekeela aurreikusten dutenean. Marea-taulak eta egoera meteorologikoaren arabera, «prebentzioa, autobabesa eta esku-hartze azkarra» egiteko pronto dauden sei laguneko boluntariok egin ohi dute, Behobia eta Santiagotarrakeko konportak ezarri, eta ingurua segurtatzeko lanak eginez. Babes Zibileko kideek ibaiaren ur-emaria, marea-koefizienteak, meteorologia edota atmosferan dagoen presioa ere aztertu ohi dute neurriak hartu baino 24/48 ordu lehenago.
Nolanahi ere, 2024an boluntarioek 71 aldiz esku hartu zuten, eta orotara emandako 1.268 orduko zerbitzuen %22 izan zen alerta egoera eta larrialdietan esku hartzen. Izan ere, urtarrilean, otsailean, martxoan, irailean eta urrian uholde arriskuengatik alerta abisuak jaso zituzten protokoloak aktibatuz, eta Behobian zein Stadium Gal futbol zelaiaren atzealdean Babes Zibilak egoerari aurrea hartu zion.
Bestalde, Irungo Udalak Larrialdi Zuzendari postu berria sortu du jarraipena egiteko. Irungo Udaleko Obretarako arloan eskarmentu handia duen Iñigo Etxeparek hartu du ardura hori. Eta honek azaldu digunez, ibaiak gainezka egiten duenean oztopo fisikoak jarri daitezkeen arren, lehorrean ere adi ibili beharra dago. «Euri-urak askatzeko lurrazpiko sareak gainezka egiten duenean, atzetik etor daiteke uholdea», dio. Hori saihesteko Txingudiko Zerbitzuak uholde egoeratan ur-hoditeriaren presioa arintzeko estolda zulo bereziak egokitzeko prozesuan dabil.