Bihar CBA Kulturguneko Irun Zuzenean areto berriaren irekiera ospatuko dute. CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentro berriaren obrak, (bigarren fasea) nahi baino gehiago luzatu badira ere, 2 urte eta 5 hilabete, eta 4,2 milioi euroko inbertsioa egin eta gero, Irungo Udalak bilatzen zuen «hiriko kulturaren motor berria» martxan jarriko dute.
2.400 metro koadrotik gorako espazio honek kulturarako, sormenerako eta topaketarako areto anitz eskainiko ditu. “Irun Zuzenean” areto eszeniko berriak diziplina artistiko anitz hartzeko aukera emango baitu, eta “Ireki Art”, “Kontenporanea” eta “GazteARTEan” guneek tokiko sorkuntza eta parte-hartzea sustatuko dute. Nuria Alzaga, Kultura zinegotziak azaldu digunez, gazteei protagonismoa emango zaie programazioan parte hartuz, eta euren proiektuak garatzeko baliabideak izango dituzte bertan. Tokiko kultura sormenari bultzada emateko topagune izango baita.
Estreinaldirako, 3 eguneko programazioa antolatu dute bertan. Irailaren 11n, 12:00etan egingo dute irekiera, eta 19:00etan Jon Benet artistaren erakusketaren aurkezpena egin ondoren, Janus Lester musikari beratarrarekin topaketa/kontzertua proposatzern dute 2 eurotan. Ostiralean, hiriko elkarteentzat bisita gidatuak egingo dituzte 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 19:00etan San Juan plazan Dantza Hirian jaialdiaren emanaldiaren ondotik, “El Sentido de la birra” podcastaren zuzenerko grabaketa egingo dute 20:30etan CBAko gune berrian.
Larunbatean, aldiz, Patxi Perez eta Itziar Sistiagarekin familientzako antzerki eta musika tailerrak egingo dituzte goizean. Eta egunean zehar hainbat erakusketa eta ekimen aurkeztu ondoren, gaueko 22:00etan Irune Muguruza eta Iñigo Jimenezen eskutik, DJ saioa izango da, 2 euroren truke.
Programazio osoa hemen duzute ikusgai.