Julian Sanchez parkean jolastokia itxi dute bi astez hobekuntza lanak egiteko

Antxeta Irratia 2025ko ira. 10a, 12:41

Usoek parkearen estalpearen azpian kabiak egitea saihesteko sarea instalatuko dute, baina aurretik garbiketa eta konponketa lanak egingo dituzte.

Gaur hasi dituzte Irungo San Miguel auzoko Julian Sanchez (Donostia kalean) parkean mantendu eta hobekuntza lanak egiten. Bi astez itxita egongo dela aditzera eman du Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura sailak. Izan ere, azken hilabeteetan usoen presentzia nabarmenarekin kexu izan dira auzoko bizilagunak. Eta parkearen estalpearen egituraren azpian usoen kontrako sare bat instalatuko dute, hegazti hauen kabiak ekiditeko.

Hortaz gain, garbiketa lanak egingo dituzte, eta lan hauek guztiak amaitutakoan oraindik programatu gabe dagoen fase batean, segurtasun zorua aldatu eta jolastokiaren zenbait elementu berrituko dituztela iragarri du udalak.