Kulturaren lantegi berriak ateak zabaldu ditu San Juan plazaren sabelean

Koldo Nausia 2025ko ira. 11a, 14:04

Kulturaren eta hiritarren arteko zubiak eraiki, eta Irungo artistei aukera berriak eskainiko dizkien Kultura eta Sortzaile Zentroak ateak zabaldu berri ditu San Juan plazaren sakonean. 2.400 metro koadrorekin, orain arteko CBA kulturgunearen espazioa bikoiztu egin da, eta arte diziplina anitzeko sormen-tresna erreferentea izan nahi du.

CBA liburutegiaren 10. urteurrena ospatuko dute urrian, eta garai haietan Irungo Udalak proiektatutako CBAren bigarren faseak gaur ireki ditu ateak. Orduko krisi ekonomikoaren estutasunen gainetik, udalak "kulturaren aldeko apustu sendoa" egin zuela nabarmendu du Cristina Laborda alkateak. Eta "San Juan plazaren sabelean murgiltzen den espazio berria" errealitate bilakatzeak luze jo badu ere, "kulturaren erroek plazaren azpian sakondu, eta sormenaren kimu berriak" fruitu emango dituelakoan dago alkatea.
 
Proiektua aspaldikoa izanagatik ere, joan den abenduan udalak Idenort-Proviser Iberica enpresa espedientatu eta salatu behar izan baitzuen esleitutako 3,8 milioi euroko kontratuaren hainbat lan bukatu gabe giltzak entregatu zituelako. 
 
Azkenik, 2 urte eta 5 hilabeteko obrak eta 4,2 milioi euroko inbertsioa egin eta gero, irailaren 11 honetan zabaldu ditu ateak CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroak. Hain justu, espazioari izena ematen dion Carlos Blanco Aguinaga hil zela 12 urte betetzen direnean. 1936ko estatu kolpe faxistan Irundik Hendaiara ihesean joan behar izan zuen haur bat zenean, eta erbestean eman zuen literaturari lotutako bere bizitza.
 
Gaurko irekieran, bere alaba Alda Aguinagak hartu du hitza Kaliforniatik (AEB), eskerrak emateko. Eta urrian udal liburutegiaren urteurrenean bisita egingo du bertara. 
 
Kultura eta pentsamendu sortzailea
 
Irekiera ekitaldi instituzionalean, aldiz, udal korporazio osoa ez ezik, Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak ere parte hartu du, halako gune batek, eskualdean ez ezik, Gipuzkoan suposatuko duen transformaziorako tresna aldarrikatuz. Bere ustez, "demokrazia garai ahulenean dagoela dirudien garai hauetan, kulturaren bitartez iritzi kritikoa suspertu, sormena bultzatu eta gazte belaunaldien ideia eta pentsamolde berriei bide egiteko espazioa" izango da CBA Kultura eta Sorkuntza Zentro berria. 
 
Irun Zuzenean areto berria, CBA zentro berrian.
 
Izan ere, 2.400 metro koadrorekin, orain arteko CBA kulturgunearen espazioa bikoiztu egin da, diziplina anitzeko artearen sorkuntza, gazteen parte-hartzea eta artisten erakuslehio bilakatzeko lau gune ezberdinduekin. Denen artean ikusgarriena beharbada, hiriak eskas zuen kultur adierazpenerako tamaina ertaineko eszenatoki balioanitza. "Irun Zuzenean” areto eszeniko berriak 157 ikusleentzako eserleku dauzka, baina zutik 360 lagunentzako egokitu daiteke. Bestalde, erakusketak, tailerrak zein arte plastikotik hasi eta eszenikoetara joan daitezkeen ekitaldiak jasotzeko “IrekiART” gunea, sarrerako plaza gisa aurkeztu dutena. Albo batean, aldiz, "Kontenporanea" (KOEO) arte sormenerako espazioa, eta gazte sortzaileak eta talentua laguntzeko zein informaziorako erreferentea bilakatuko den “GazteARTEan” bulegoa.
 
Irekiera ekitaldi instituzionala egin dute gaur.
 
Laborda alkateak aditzera eman duenez, "aisialdi eskaintza zabala eskainiko duen kultur-espazio soila baino askoz ere gehiago ireki da Irunen, pentsamendua eta sormenari bide emango dion gunea, kultura eta herritarren arteko zubiak eraikiko dituena". 
 
Agenda kultural aberatsa
 

Estreinaldirako, 3 eguneko programazioa antolatu dute bertan. Irailaren 11n, 19:00etan Jon Benet artistaren "Reencuentro" erakusketaren aurkezpena egin ondoren, Janus Lester musikari beratarrarekin topaketa/kontzertua proposatzen dute. Ostiralean, hiriko elkarteentzat bisita gidatuak egingo dituzte 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 19:00etan San Juan plazan Dantza Hirian jaialdiaren emanaldiaren ondotik, “El Sentido de la birra” podcastaren zuzenerko grabaketa egingo dute 20:30etan.

Larunbatean, aldiz, Patxi Perez eta Itziar Sistiagarekin familientzako antzerki eta musika tailerrak egingo dituzte goizean. Eta egunean zehar Ribera bekari lotutako hainbat erakusketa eta ekimen aurkeztu ondoren, gaueko 22:00etan Irune Muguruza eta Iñigo Jimenezen eskutik, DJ saioa.

Dena dela, datozen asteetan hainbat hitzordu iragarro ditu udalak. Urriaren 4an Ariel Roth abeslariaren kontzertua Irun Zuzenean zikloaren barruan, edota urriaren 10ean Zuhaitz Gurrutxaga umoregilearen saioa, besteak beste.