Elkarrekin Irun udal taldeak ikasturte politiko berriari hasiera eman nahi izan dio gaur, Irungo hiriak dituen erronkak zerrendatuz, eta «alkatea buru duen PSE-EAJ gobernu koalizioak» hauek asebetetzeko duen gaitasuna zalantzan jarriz. David Nuño udal taldeko bozeramaileak aditzera eman duenez, «agintaldia amaitzeko bi urte baino gutxiago falta dira, eta gobernu honek ez du herritarren beharrei erantzuteko gaitasunik erakutsi». Bere ustez, «gobernu hau ez da gai izan legealdi hasieratik behar bezala funtzionatzeko, eta EAJrekin gobernu-akordio bat sinatzera behartuta egon dira ekimenak aurrera ateratzeko». Baina koalizioak suposatzen duen gehiengoa izanagatik ere, aurrerapauso gutxi eman direla uste du.
Nuñoren arabera, «bereziki larria da eskualdeko osasun-egoera iraultzeko soluziorik ez egotea». Atzo Osakidetzak Bidasoko Ospitaleko bloke-kirurgikoa berritzeko 24 milioi euroko obra esleipena iragarri, eta lanak urte bukaera baino lehen hasiko direla hitzeman badu ere, Elkarrekin Irun taldeko ordezkarien arabera, maiatzaren 31n Irunen 12.000 herritar bildu zituen manifestazioaren ondotik, ez da aurrerapenik ikusi, Oinaurre eta Erdiguneko anbulatorioen proiektuan, ezta pediatria larrialdi zerbitzuen gabezietan ere, adibidez. «Badakigu osasun-arloko eskumenak ez datozela udaletxetik, baina gobernu honen ardura da eskumen horiek dituztenei presio ematea, eta ez dute horrelakorik egiten», gaineratu du Nuñok.
Bestalde, Irun "ekitaldien hiriburu" bihurtzeko «obsesioa» leporatu dio gobernuari, «auzotarrek egunero jasaten dituzten arazoek erantzunik gabe jarraitzen duten bitartean». Alde horretatik, aparkalekua aurkitzeko arazoak, TAOren kudeaketa, Udaltzaingoaren baliabide falta edo merkataritza sektoreak premiazkoa duen bultzadak «ezin dute gehiago itxaron» bere ustez.
Hortaz, Elkarrekin Irun udal taldeak herritarren benetako lehentasunetan zentratzeko eskatu dio gobernuari, «ekitaldi hiri bat eraikitzeari begira baino, udalerriaren errealitateari erantzungo dioten politikak» exijitu dizkio Cristina Laborda alkateari. Horretarako, hiri-eredua birpentsatu eta auzo elkarte, merkatari eta kolektiboekin esertzera gonbidatu du.