Eraiki dantza taldea 1978 urtetik darama euskal dantza hauspotzen Irunen, eta urtero tradizio handiko hainbat hitzordutan finko bat da. Euskal dantzaren erroak eusteko, Santomas egunean ez ezik, Irungo Euskal Inauterietan parte hartzen dute betidanik, Bidasoa eta Behobia auzoetako baserrietan Puxka Biltzean. Eta euskal dantzak presentzia nabaria izanagatik ere, inauteriak iragartzen dituen Inudeak eta Artzaiak ekitaldia antolatzen du urtero.
Eraiki dantza taldeko kide eta begirale Ane Etxeparek aitortu digunez, «lan handia eskatzen du Inudeak eta Artzaiak antolatzea, baina Eraikiko kideok dantza egiten dugun arren, pertsonaia asko dago, eta urtero Irun osoa inplikatzen da parte hartzen eta ekitaldia ikusten ere».
Udaberria iratzartzen duen inauterietarako asko falta da oraindik, baina uda oraindik bukatu ez den honetan, Eraikiko kideak Santomas eguneko dantza ekitaldia prestatzen hasiko dira ikasturteko lehen ikastaroekin. «Aurten 5 urte betetzen dituzten haur txikienekin astean entsegu bat egingo dugu, eta gazteekin astean 3 ordu bi saiotan banatuta», azaldu digu Etxeparek. Eta gabonetako hitzorduaz gain, maiatzean ikasturte bukaerako dantza emanaldia egin ohi dute txiki eta gazteekin Amaia Kultur Zentroan urtero.
Plazak dantzan jartzeko beharra
Aurten, aldiz, euskal dantzaren harrobi lanarekin jarraitzeaz haratago, oraindik ere sekulan urrats bat egitera ausartu ez diren helduei ere proposatzen diete dantza egitea. «Inoiz dantzarik egin ez duten helduentzako taldeak sortu ditugu, euskal dantza ikusteko baino gozatzeko delako, eta Irungo Euskal Jiran edo jaietako erromerietan plazak dantzaz betetzeko beharra ikusten dugu», dio Eraikiko kideak. Izan ere, ikuslerik ez da inoiz falta euskal dantza emanaldietan, baina gutxi asko, hobeto ala okerrago, «dantza egitera animatu» nahi dituzte irundarrak.
Deialdia egin eta 18 heldu animatu dira dagoeneko. 30 urtetik gorakoei zuzenduta dago ikastaroa, eta igandero 10:00etatik 12:00etara Behobiako auzo elkartean Eraikiren egoitzan egingo dituzte saioak maiatzeko azken igandera arte. «Ez da aldez aurretik inolako esperientziarik behar, hutsetik hasiko gara», argitzen du Etxeparek. Alde horretatik, heldu hasiberriak ere, Eraikiren urteko ekintza desberdinetan parte hartzeko animatuko dituzte. Ikastaroan izena eman nahi dutenek eraikidantza@gmail.com posta elektronikora idatzi edo 608625459 telefonora deitu beharko dute.
Euskal dantza Irunen suspertzeko erronka onartuta, aldiz, gure kultura atzerrian erakusteko lanak ere hartzen ditu Eraikik. Izan ere, eskarmentua duten Eraiki dantza taldeko dantzari gazte eta helduak atzerrira jo ohi dute urtero nazioarteko jaialdietan parte hartzeko. Joan den uztailean Errumanian izan dira. «Euskal dantza balioan jarri eta beste herrialdeetan erakutsi ahal izatea polita da», dio Ane Etxeparek harrotasunez, «eta dantzari taldearentzat esperientzia handia izateaz gain, gure arteko harremanak ere sendotzen ditu». Aurreko bi urteetan Frantzian eta Alemanian ere izan ziren, eta uda oro halako txangoak antolatzen jarraitzeko asmoa dute.