Santiagotarrakeko ontziraleku eremuaren dragatze lanek Europako babes-arauak urratzen dituztela salatu dute

Koldo Nausia 2025ko ira. 18a, 07:49

Natura 2000 Sareko marearteko gune babestua dela gogoratu du Ekologistak Martxsn taldeak, eta kirolarien ontziralekua pilatutako lohian hondartzen zela, ezin dela "lehen mailako premiazko arrazoi gisa justifikatu". Dragatzeak biodibertsitatea kaltetzen duen heinean, konpentsazio neurriak beharrezkoak dira RN 2000 Europako arauen arabera.

Irungo Udalak Santiagotarrak arraun elkarteko ontziralekuaren kokapena egokitzeko agindu dituen Bidasoa ibaiaren dragatze lanak "harriduraz" hartu ditu Ekologistak Martxanek, Natura 2000 Sareko gune babestua delako. Udalak aditzera eman duenez, urteen poderioz ibaiaren sedimentuak pilatu egin dira ontziralekuaren eremuan, eta marearen arabera gorabehera egin beharko lukeen ontziralekuak hondartu edo behea jotzen zuen.

Ekologistak Martxan taldearen ustez, hau ez da arrazoi nahikoa dragatze lanak egiteko, ez dutelako natur eremu horren kontserbazioarekin edo lehengoratzearekin zerikusirik. Are gehiago, "de facto" Europar Batasunak babestutako espazioaren barruko ibai-hondoaren dragatzeak estuario eta marearteko lohiek osatzen duten intereseko habitatak kaltetzen dituela salatu du talde ekologistak. "Habitat horiek eskas eta urri gisa diagnostikatuta daude Txingudin indarrean dagoen RN2000 dokumentuan", argitu dute plazaratu berri duten ohar batean.

Dokumentu horren arabera, habitat horren egungo kalifikazioak Europako zuzentarauak agintzen dituen neurriak eskatzen ditu eskumena duten administrazio publikoen aldetik. Baina Santiagotarrak parean egiten ari diren dragatzearekin bezala, Ekologistak Martxanen arabera, "Bidasoko estuarioan ez dirudi garrantzitsua denik ingurumen-araudia urratzea". Azken urteetan Bidasoa ibaian egindako beste esku-hartze batzuk jarri ditu talde ekologistak adibide gisa. Santiagoko bidegorria Plaiaundirekin lotzen duen Pier Loti ibilbideko piloteen gainean eraikitako egurrezko pasabidea batetik, "ibaia inbadituz". Eta Plaiaundi natur parkean bertan, San Lorentzo aintzira handitzeko proiektua bestetik. Oraingoan, berriz, "arraun klubarentzako pantalana da argudioa" salatzen dute.

Ildo horretatik, talde ekologistak oroitarazi du RN 2000 espazio bat dela, eta espazio hori zaintzea helburu ez duen edozein jarduketa "lehen mailako premiazko arrazoi gisa justifikatu eta egiaztatu beharra dagoela, izan segurtasuna, osasun arrazoiengatik edota azpiegitura kritikoak izanik". Diotenez, "konpentsazio-neurriak" hartu beharretan dago ere Irungo Udala, bertan bizi diren espezieen eta bertako dinamika naturalen kontserbazioa bermatzeko. "Baina ez dirudi horrelakorik betetzen ari denik Bidasoaren dragatze honekin", kexu dira.

Kirola vs Natura

Lan hauek 2024ko udal aurrekontuen maiatzeko kreditu aldaketaren 7,2 milioi euroko inbertsio planean onartu zituen udal gobernuak. Garaiko Ogasun ordezkari Miguel Angel Paezek argitu zuenez, 50.000€ko partida bideratu zuten, hain justu, joan den astean inguru horretan uholdeak prebenitzeko aurkeztu berri duten konporta sistema instalatzeko. Eta jardukera horren barruan aurreikusten zuten ontziralekuaren dragatzea ere. 

Irungo Udalak Antxeta Irratiari argitu dioenez, dragatze lan hauek ibaiaren eremu mugatu batean egiten ari dira ingurumenean inpaktua murrizteko neurriak hartuta, eta dragatze-makina txiki batekin. Izan ere, uholdeei aurre egiteko gainerako ibai-hondoaren altuera lohia kenduz apaltzea, ez da legez egingarria. Hala ere, ibaiaren korronteak dakartzan sedimentuak pilatzen joan dira bertan, inguruko ibai-hondo guztian bezala, eta Santiagotarrak arraun elkarteko ontziralekua hondartzen zenez, egitura honen erabilera oztopatzen zuen. Eta beraz, lohiak modu kontrolatuan dragatuta, ontziralekuak berriz bere funtzioa bete dezan helburu du esku-hartze honek. 

Anartean, klubeko kirolariek aldameneko arranpla finkoa erabiltzen ari dira azken asteetan. Baina haien jarduera eta entrenamenduak itsas-mareen baitan mugatu eta programatu behar izan dituzte. Itsasbeheran ez baita sarbide baliagarria.