Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen hiru proposamen finalistak hautatu dituzte aurrez aurreko bileran

Antxeta Irratia 2025ko ira. 18a, 13:23

Udal Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen fasean irundarrek 129 proposamen egin dituzte online, eta Palmera Monteron egindako aurrez aurreko bileran parte hartu zuten 56 lagunek Udal Zeramika Tailerra eta Plaiaundiko gimnasioa hobetzeko proposamenak bozketa finalera eramatea erabaki zuten, baita haur-parkeetan ur-zurrustak instalatzea ere.

Irailaren 10ean Palmera Montero gunean egindako Aurrekontu Parte-hartzaileen aurrez-aurreko bileran 56 lagunek parte hartu zuten. Prozesuak aurreikusten duen dinamika jarraituz, lantaldeak osatu zituzten, eta hiria hobetzeko proposamenak aurkeztu eta eztabaidatu zituzten.

Jon Ugarte, Gobernu Irekieraren eta Herritarren Arretarako udal ordezkariak aditzera eman duenez, bertatik 25 proposamen egin zituzten, eta bilera presentzialean bozka finalerako 3 proposamen hautatu zituzten denen artean bozkatuz.

Horrenbestez, Udal Zeramika Tailerrerako labe elektrikoa, buztin-makina eta mahaiak erostea izan da bozkatuena. Era berean, Bidasoa Atletiko Taldea eta Txingudi Errugbi Elkarteak erabiltzen dituzten Plaiaundiko gimnasioaren hobekuntza, eta hiriko haur-parkeetan beroaren kontrako ur-zurrustak instalatzea izan dira 40 proposamen finalisten artean txertatuko dituztenak. Udalak argitu duenez, aurretik udal teknikariek proiektuak egingarriak ote diren aztertu beharko dute.

Bestalde, irailaren 15ean itxi zuen udalak online proposamenak egiteko epea. Eta orotara 129 ekarpen jaso dituzte udal webgunearen bidez. Hauetatik, irailaren 29an eta 30ean aurretiko bozketa egin, eta boto gehien jasotzen duten 13 proposamenak azken bozketan sartuko dituzte. Parte hartzaileek Irun Txartela erabili beharko dute, beren burua identifikatzeko, eta bakoitzak gehienez ere bost proposamen aukeratu ahalko ditu.

Prozesu orokorraren (1,3 milioi euro banatzeko) barruan, gainera, beste lau proposamen sartuko dira azken bozketan: Auzo Elkarteen federazioak adostutako hiru eta Hiritar Foroarena. Horrela, guztira, 20 proposamen sartuko dira azken bozketan.

Era berean, Gazteentzako prozesuarekin deliberatuko diren 200.000 euroak zertara bideratzea erabakitzeko, beste lau proposamen sartuko dituzte bozketan, bi Eskolako Agenda 2030 ekimenetik eratorriak, eta proposamen bana Gazteria Zerbitzua eta IrunBixi foroaren eskutik.

Udalak oroitarazi du prozesu bakoitzean 20 proiektu aterako direla, urriaren 3tik urriaren 7ra bitartean bozkatzeko. www.irun.org helbidean eman ahalko da botoa, Irun Txartela erabiliz, eta Irun Txartela ez dutenek aurrez aurre ere eman ahalko dute botoa, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ-SAC) bulegoetan.