Mugikortasun Astean bizikletaren erabilera saritu beharrean, zigortu egiten du Irungo Udaltzaingoak

Koldo Nausia 2025ko ira. 18a, 13:59

Gaur goizean Arbesko Toki Alai eskolan gurasoen eta udaltzainen artean emandako episodio "ulertezin" baten ondotik, eskolako atarian segurtasuna bermatu beharrean, haurrak eskolara bizikletaz eramaten dituzten gurasoei isunak jartzen tematzen dela leporatu diote Irungo Udalari.

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat egin, eta Irungo Udalak bizikletaren erabilera sustatzeko antolatutako jarduera programa bete-betean gaudela, ekimenak ate atzean geratu dira gaur. Hala pentsatzen dute Toki Alai eskolak Arbes auzunean duen Haur Hezkuntzako gurasoek gaur goizean Udaltzaingoarekin bizi izan duten "egoera ulertezina" eta gero.

Haurrak eskolara sartzeko orduan, (3-5 urte artekoak) "gurasoetako bat errepidetik txirrindan iritsi da alabarekin, eta eskolarako azken 5 metroak espaloi gainean egin dituenez, udaltzain batek altoa eman dio", kontatu digu lekuko honek. Baina bizikleta aparkatu eta haurra eskolan sartu ondoren iritsi da ezustekoa. Izan ere, bost udaltzain esperoan zituen isuna jartzeko asmoz. "Egoera horren aurrean denok harrituak geunden eta 10 bat guraso udaltzainei interpelatu diegunean, oldartu egin dira", kontatzen du guraso honek, "esan diogu bere jarrera salatuko genuela, eta ez zegoela eskubiderik". 

Azaldu digunez, ohikoa da azken egun hauetan udaltzainak eskola inguruan koaderno bat eskuetan daukatela herritarrei arau-hausteak leporatzen ikustea. "Irun Gizalegez kanpaina baten barruan ondo dago hori, eta espaloitik ezin dela jakinaraztea", dio baina kasu honetan, "eskolara heltzeko bidegorria ez dagoen gune bat dela kontuan hartuta, zorrotzegi jokatu dute", kexu da. "Agintariei ahoa betetzen zaie mugikortasun jasangarriarekin, baina lelo polit hutsak besterik ez dira, gero ikusten da ez dutela benetan horretan sinisten", leporatzen die udal agintariei.

Alde horretatik, DGTk markatutako irizpideen arabera, bizikletentzako berezko biderik ez dagoenean, 12 urtetik beherako adin txikiko batek espaloia erabil dezake abiadura motelean baldin bada, betiere, oinezkoei lehentasuna emanez. Baita heldu batek ere haurrarekin doanean. Udalerri gehienek aplikatzen dute irizpide hau.  "Kasu honetan, haur txiki batekin zihoan txirrindan, eta ni lehenengoa naiz seme-alabekin errepidetik beldurra dudala zenbait gunetan, eta espaloiak erabiltzen ditudala", dio guraso honek.

Antxeta Irratiak jakin izan duenez, gaur bertan Toki Alaiko Alaikiro guraso elkarteak bilera egingo du gertakari honen aurrean erabaki edo jarrera irmo bat hartu asmoz. 

Balazta elkartearen harridura

Balazta elkarteak bere "harridura eta haserrea" adierazi du gertakari honekin. Izan ere, erdiguneko '30 Eremua'n ibilgailu motordunei abiadura muga kontrolatzen ez zaien bitartean, bizikletaren aldeko apustua egiten duten herritarrei isunak jartzen aritzea "kontraesan handia" da. Aditzera eman dutenez, Udaltzaingoaren jokamolde hau orokortzen ari bada, elkarteak HAZ-SACen kexu formala aurkeztera animatzen ditu herritarrak. Izan ere, Balaztaren aburuz, "isuna jarri beharrean eta, eskolara bizikletaz joatea eredugarri den heinean, sari sinboliko bat eman beharko litzaioke guraso horri".