Irungo Amaia antzokiak udazken honetan adin guztietarako eskaintza anitza proposatuko du. Azken hiru urteetan Kultura arlotik bertako kultur eragileekin lankidetza sakondu duenetik, ikusle kopuruak gora egin du. Eta beti hobetu daitekeela aitortzen badu ere, formula errepikatu egin dute urte bukaera honetarako emanaldi eta ikusgarrietan. Nuria Alzaga Kultura zinegotziak dioenez, «iaz marka guztiak apurtu zituen Amaia antzokiak, eta helburu handia markatu dugu, baina hobetu edo errepikatzeko asmoa dugu».
Horretarako, bertako kultur eragile eta artistekin, eta kanpoan goi mailan ari diren artista irundarrak kontuan hartzen dituztela dio Alzagak, «Irunen asko eta ona baitugu», azpimarratuz. 2024 urtean Amaia Kultur Zentroak 43.185 ikusle jaso zituen antolatutako 266 hitzorduetan. Eta uztailaren 15etik azaroaren 28ra bitartean hobekuntza lanak egiteko itxita egon bazen ere, 19 alditan agortu zituzten sarrerak.
Programazio anitza
2025 urtea borobiltzeko, joan den astean estreinatu berri duten CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko Irun Zuzenean areto berriak kultur-agenda mamitsua proposatuko du. Baina Amaia KZ finko bat da Irungo eragile eta ikusle askorentzat. Alde horretatik, bertako kultur eragile, abesbatza, antzerki talde eta artistekin ondutako 50 hitzordu baino gehiagoko programa aurkeztu berri dute. Oiasso Museoak antolatzen duen Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak (FICAB) 25 urte beteko ditu aurten. Eta iaz aipatutako obren ondorioz, Ocines Mendibilgo aretoetara lekuz aldatu behar izan ondotik, azaroaren 10etik 15era antzokira itzuliko da.
Bestalde, sanmartzialetako pregoilari izan ziren Ezezagunok antzerki taldearen "Exactamente diversos" obra, lau sari jaso berri dituena, iaz zendutako Txema Cariñena musikari irundarraren omenezko kontzertua (azaroaren 29an), Atzokoak abesbatzaren 40. urtemugako kontzertua (abenduaren 20an), edota estatu mailako antzokietan 100 pasaldi baino gehiago egin dituen Mecanoren tributo ikusgarria izango dira, besteak beste Amaiak jasoko dituenak.
Bertako kultur eragileak ez ezik, atzerrian goi mailan dabiltzan artista irundarrak ere ekartzen ahalegintzen ari dira. Eta zentzu horretan, Luis Mariano Lirika elkarteak udazken honetarako antolatutako opera emanaldien artean, (asteburu honetan 'The Best od Mozart' izango da aurrenekoa), Milango Scala antzoki mitikoan lanean dabilen Maria Martin soprano irundarra gonbidatu dute Amaia antzokian abestera urte bukaeran.
Asko eta ona jasoko du Irungo eszenatokirik handienak datozen asteetan. Eta hitzordu aipagarrienekin batera, haur eta familientzako euskarazko obrak, edota areto txikian antolatu ohi dituzten hitzaldiak, edota Zure Abenturaren Bila bezalako programak ere izango dira.