Ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko 'Kultur-Artekotasunaren Hilabetea' antolatu dute Larreaundin

Koldo Nausia 2025eko irailaren 26a

Eskuin muturreko jarrera arrazista eta homofoboen gorakadari aurre egiteko helburuarekin, "Kultur-Artekotasunaren Hilabetea" antolatu du Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. Zubia gizarteratze zentroarekin eta SOS Arrazakeria elkartearekin lankidetzan, hainbat hitzordu proposatuko dituzte auzoan «ezberdinen artean zubiak eraikitzeko aletxoa jarri» nahian.

Aste honetan Irungo Harrera Sareak, Bidasoa Etorkinekin, Bor Bor hausnarketarako kolektiborako plazak eta Parean elkarteak antolatutako “Arrazismoa Jomugan, Muga Arrazistak Suntsitu” izeneko topaketen aurreneko hitzaldia jasotzen du Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. “La Mirada Feminista y Antiarracista de las mujeres racializadas” hitzaldia eskaini berri du irailaren 25ean, Jeanne Rolande Dacougna arrazakeriaren aurkako ikerlari eta aholkulariak.

Baina auzo elkartetik SOS Arrazakeria elkartearekin lankidetzan antolatu duen hilabete osoko "Kultur-Artekotasunaren Hilabetea" ekimenaren lehen hitzordua besterik ez da honakoa. Izan ere, azken hilabeteetan Irunen oro har ematen ari den ultra-eskuinaren gorakada, eta horri lotutako diskurtso zein jarrera arrazista eta homofoboak somatu dituzte auzokideek Larreaundin ere. Eta arrazakeriarik gabeko auzoa nahi dutela aldarrikatzeko zerbait egitea pentsatu dute. «Kultur-artekotasuna oso ondo dago, baldin eta ezberdinen artean zubiak eraikitzeko programak eta ekimenak dauden», dio Iker Eizagirre auzo elkarteko kideak. Eta bistan denez, Irungo Udalak ezer gutxi egiten du arlo honetan. «Ekimenak antolatzeko zailtasunak jartzen dituzte, eta Zubia gizarteratze zentroari buruz udal agintariek egin izan dituzten adierazpenak ere kezkagarriak dira», dio Eizagirrek. 

Alde horretatik, joan den urteaz geroztik auzo elkarteak zenbait eskuhartze egin ditu Zubia zentroko erabiltzaileekin. Auzoko jaietan tortilla patata lehiaketan parte hartu zuten, adibidez. Eta bigarren txapelketa antolatu dute programa honen baitan, irailaren 27an (11:00etan), eta Zubia gizarteratze zentroan bertan egingo dute. Urriaren 8an, aldiz, auzoko aniztasuna irudikatzeko Argazki Rallya egingo dute 17:00etatik aurrera. Eta urriaren 23-25eko asteburuan pilatuko dituzte ekimen gehienak. Hala, urriaren 23an, “Insumisas” podcasta jasoko dute Auzoko Lokalean, eta “Etxeko emakume langileen errealitatea” ezagutzeko solasaldia antolatu dute, Iñigo de Loiola kaleko egoitzan. Urriaren 24an, Eguzkitza ikastetxearekin lankidetzan, Munduko Abestiak Kantatzen ekimena antolatu dute 16:30ean, eskolaren aurrean. Eta programa borobiltzeko, Kultur-Artekotasunaren Festibala izango da Miguel eta Roberto plazan.  

Oraingo honetan, aldiz, bizilagunak kontzientziatu eta jarrera arrazistei aurre egiteko lanketa proposatzen dute auzoan. SOS Arrazakeria elkartearekin lankidetzan arrazakeriarik gabeko auzoa nahi dutela aldarrikatzeaz gain, herritarrei tresnak eman nahi baitizkiete.